es
eu

Besteen oporrak, greziarren bizitzak

Saioa Baleztena

Grezian oporrak sakratuak dira. Urtero, abuztuaren 14an Atenasen ez dago taxirik aurkitzeko modurik, kaleak hutsik daude eta irletara doazen untzietan ez dago lekurik. Abuztuaren 15ean mundu guztia dago irletan edo jaioterrian Andra Mariaren Zeruratzearen jaia ospatzeko. Aste santuan berdina gertatzen omen da; hiriak hutsik geratzen dira jende guztiak ospakizunak leku ederragoetan pasatzera ihes egiten duelako. Hala dio topikoak, behintzat. Egia bestelakoa da, ostera.

Eurostaten arabera, Greziako biztanleriaren %53ak ez dauka dirurik oporretara joateko. Europar Batasunean bakarrik, Errumanian (%66,6), Kroazian (%62,8) eta Bulgarian (%56,4) dago oporrik ez duen jende gehiago. 2008an, krisiaren hastapenetan, Grezian bakarrik %15ak ezin zituen aste batetako oporrak ordaindu. Katerinak oroiminarekin gogoratzen ditu irletan pasatzen zituen oporrak: “Mykonos edo beste irla politetara joaten ginen familia osoa, gutxienez bi aste. Langabezian geratu nintzenean, pasa den udan, Eginara joan ginen, Atenasetik hurbilen dagoen irla baita, baina irla bat, azken finean. Nire senarrak ere lana galdu zuenean, oporrak amaitu ziren”.

Katerinak 46 urte ditu. 6 urte daramatza langabezian. Bi seme dauzka; bakarrik batek egiten du lan, 700 euroko soldata batekin. “Nork egin dezake oporrik testuinguru horretan? Baina nire kezka ez da oporrak egitea, aitzitik, baizik eta lanera itzultzea”. Azken hiru urtetan 5 puntu jaitsi bada ere, langabezia Europar Batasuneko altuena da hemen, %20 ingurukoa, zehazki.

Katerinak bezala, Yannisek ere dagoeneko ahaztu du zer den oporretan joatea. Duela bost urte egin zituen azkenak Atenasen bizi den 50 urteko gizon honek. Gorroto duen arren, taxista da. “Ez dago besterik”, dio etsipenez, egunero 14 eta 16 ordu bitarteko lanaldia egin behar duela aitortuz, semea “langabezian” baitu eta alaba “unibertsitatean ikasten”. Taxiak Atenasen oso merkeak dira, 3,5 euro da salneurri arrunta, beraz, 5 euro baino gutxiago balio dute ibilaldi gehienek eta taxi asko dago. Zergak orekatzeko 100 euro irabazi behar dituzte, eta beraz, “ordu asko bota behar ditugu astean sei egunetan eta, noski, oporraldirik ez dugu”, azaltzen du.  

 Airbnb bitartez alokatzen den etxe baten giltza gordetzeko giltzarrapoa (ÁNGEL BALLESTEROS-MUZUNGU PROD)

Turismoak gora, bertakoak kanpora

Bitxiki, gero eta greziar gehiago oporraldirik gabe geratzen den bitartean, gero eta atzerritar gehiago dator Grezian oporrak pasatzera. Pasa den urtean, adibidez, 30 milioi turista baino gehiago zenbatu zituzten, eta, Eleni Kuntura turismo ministroaren arabera, aurten bi milioi gehiago helduko dira.

Turismoaren gorakadaren bi ondorio nagusi ditu, batetik, gero eta jende gehiagok turismoan dauka lan aukera bakarra, ez da kasualitatea krisialdi finantzarioaren herrialdean, bakarrik, turismoak egitea du gora. Pasa den urtera arte, egunero hiru enpresa betirako itxi zituzten, Tesalonikako Merkataritza Ganbararen esanetan. “Gero eta turista gehiago dago baina lan baldintza kaxkarrak dauzkagu. Behin-behineko kontratuak ditugu beti, morroiak gara langileak izan ordez”, aipatzen du Spiros Petrolegas, PAME sindikatuaren hotel sekzioaren bozeramaileak. Ionanna Dimitrokalik hamaika urte daramatza hotelak garbitzen: “Nik urte asko daramatzat eta, horregatik, egoera hein batean hobeagoa daukat, 830 euro irabazten ditut hilabetean. Baina, 12 edo 14 orduko jardunaldiak egin eta turismoan bataz besteko soldatak ez ditu 500 euroak gainditzen..." Iaz, uztailean, lehen aldiz greba deitu zuten sektore turistikoan. Nahiz eta Grezia munduko greba orokorrak egiten dituen lehenengo herrialdea izan, sektore honetan ez dago sindikatu tradiziorik.

 

Bestetik, turismoaren gorakadak Airbnb-ren hedapena ekarri du. Lanik ez duten familia askok Airbnb bitartez lortzen dute haien diru-sarrera bakarra. Hau da, oporraldirik ez egin ez ezik, haien etxeak turistentzat eskuragai jartzen dituzte. Atenasen hirigunean soilik, adibidez, 5.127 etxe eskaintzen dituzte.

 

Koukaki auzoan, Akropoliaren alboan, krisialdiaren hasieratik ikusten ez ziren lanak bueltatu dira eraikin askotara. “Egunero langile talde berri bat ikusten dut auzoan” dio 40 urteko auzokide Dimitrak. Bere hitzetan, inoiz ez dator auzotar berririk, eraikin guztiak Airbnb-ren esku utzi baitituzte. Era berean, Christos-ek bezala, batek baino gehiagok bere lana bihurtu du Airbnb: “ezin nuen lanik aurkitu. Horregatik, amamak oinordetzan utzi zigun etxe zaharra berritu nuen, turistak zaintzea nire lana bihurtuz”.

 

Troikak ezarritako erreskatea abuztuak 20an amaituko da. Bitartean 88 murrizketa berri egin behar ditu gobernuak hartzekodunek azken mailegua eman diezaioten. Biztanleriaren erdia baino gehiagok etxean bizi izango dut amaiera ofiziala, oporretara joateko ezintasuna dela eta. Datorren urtean zer gertatuko den inork ez daki, baina aldaketa handirik ez badago, gero eta turista gehiago eta greziar gutxiago egongo dira Greziako hondartzetan.

 

 

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.