es
eu

Izaskun Landhttps://www.gizadiberri.eus/es/admin:menu/admin:noticia?edit=336&op=guardaraida: "Emakumeek euren autonomia ekonomikoa lortzea funtsezkoa da berdintasuna lortzeko"

Saioa Baleztena

Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako legea 2005eko otsailean onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoan eta berriki egin dute legearen ebaluazioa. Anitz izan dira bide honetan berdintasunaren alde lanean aritu diren elkarte eta arduradunak, tartean 1988an sortu zenetik Emakunde. 2013az geroztik zuzendari den Izaskun Landaida ekarri dugu GIZADIBERRIren orrietara.

Nola eragiten du desberdintasunak gizartean ahulen diren kolektiboengan?

Hainbat irizpide kontutan hartuta, diskriminazio bikoitzak eta hirukoitzak ematen dira gure gizartean, sexua, arraza, maila soziala, egoera ekonomikoa, etab. Pobreen artean pobreenak emakumeak dira gure gizartean, adibidez, beraz, generoaren eragina beti dago presente honako egoeretan ere.

Baina zein dira emakumeen artean perfilik zigortuenak? Zergatik?

Pobreziaren feminizazioa errealitate bat da. Emakumeek euren autonomia ekonomikoa lortzea funtsezkoa da berdintasuna lortzeko. Mundu guztian, emakumeak zaurgarriagoak dira pobrezia eta giza bazterketaren aurrean.  Zailtasun gehiago dituzte hezkuntza, osasuna edo enplegua bezalako baliabideen aurrean, adibidez.

Emakumeen soldata %33 igo beharko litzateke gizonezkoenarekin parekatzeko. Zein da zure irakurketa datu hauen inguruan?

Lan munduan ematen den zereginen bereizketa da era honetako diskriminazioaren jatorrian dagoen faktoretako bat. Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu konkretuetara bideratzen du emakumea edo lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Bereizketa honen ondorioz, emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude, eta ordainsaria eskasagoa izaten da hauetan. Honekin batera, kontuan izan behar da askotan emakumeek malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituztela lanean eta familian dituen eginbeharrak orekatu ahal izateko, eta horrek zereginen bereizketa hori indartzen du. Ondorioz, zatikako ordutegia duten lanpostuetan emakumeak nagusi dira mundu osoan. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zatikako kontratua duten lanpostuen %80 baino gehiago emakumeek betetzen dituzte.

Bestalde, emakumeei aitortzen zaizkie oraindik ere familia eta etxeko lanaren ardurak.

Noski, eta horrek galarazi egiten dio sarritan emakumeari lan munduan gizonarekin berdintasunez lehiatzeko aukera.  Ez dugu ahaztu behar sektore informalean lan egiten dutenen gehienak emakumeak direla. Gainera, hainbat lan eremutan gizonezkoen presentzia nagusi izanik, hauek jasotzen dituzten ordainsari osagarriek oraindik gehiago handitzen dute batzuen eta besteen arteko soldaten arteko diferentzia, oinarrizko soldaten gainetik. Sexua soldata diskriminazioan modu erabakigarrian eragiten duen aldagai gisa bi bidetatik gauzatzen da: lehenik eta behin, inplizituki, kontratu mota, iraupena edo okupazio motaren gisako aldagaien barruan eta, bigarrenik, esplizituki, laneko jakineko mailetan. Izan ere, kontratu mota, iraupen eta okupazio berdina izan arren, aldeak antzematen dira emakumeek eta gizonezkoek jasotako soldaten artean.

Euskal Herrian berdintasunaren aldeko politikak 1988an loratu ziren Emakunderen sorkuntzarekin. Zein izan dira orduz geroztik lorpenik erranguratsuenak?

Asko, eta erakunde, mugimendu sozial eta hainbat eragile eta hiritarren bultzadarekin lortu dira. Nik, bat aipatzearren, 2005. urtean onartutako Berdintasunerako Legearen onarpena aipatuko nuke. Berriki egin dugu Legearen ebaluazioa eta ikusi dugu tresna juridiko eraginkorra eta baliagarria  izan dela. Tresna eraginkorra izan da eta izaten jarraitu dezake berdintasun politiken garapenean aurrera egiteko, bereziki baliabide ekonomiko eta pertsonalei dagokionez, eta baita ere sektore bakoitzaren alorrean zeharkakotasun estrategia areagotzeko. Ebaluazioak erakusten du, gainera, legeak eragina izan duela hiritarren berdintasunaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazioan, eta honek ekarri duela hiritarren eskaerak areagotzea eta exijentzia maila handiagoa izatea alor honetan.

Islandia eta Alemania dira, orain arte, soldata arrakalaren kontrako neurriak bermatu dituzten herrialde bakarrak. Hemen ere halakorik lortuko da?

Eskuduntzak ez daude gure esku gai honetan. Dena den, egiturazko arazoa den neurrian arlo honetako eragile guztien inplikazioa beharrezkoa da. Gu aspaldidanik gaude enpresekin lanean. Diru-laguntzak ematen dizkiegu diagnosiak eta Berdintasunerako Plana egiteko eta badaude ibilbide hau martxan jarri dutenak antolatzeko eredu berriak proposatuz. Ehun enpresa inguru dira gurean ziurtagiria lortu dutenak. Eta soldata arraila identifikatu eta zuzentzeko neurriak planteatzen dituzte euren proposamenetan, zaintza lanak erantzukizunez banatzeko aukerak ematen, besteak beste.

Amaitu aurretik, zein dira aurrerantzean Emakunderen erronka nagusiak?

Emakundek gizartearen alor guztietan egiten du lana, eta arlo guztietan berdintasuna sustatzea funtsezkoa da guretzat. Arlo guztietan aurrera egiten badugu berdintasunean, berdintasun ezaren adierazpen latzena desagerrarazi ahalko dugu, hau da emakumeen kontrako indarkeria. VII planean aipatzen diren ardatzak dira gure helburuak. Baina erronka nagusienetako bat da gizarte osoaren jarrera aktiboa lortzea eta gizarteak barneratzea berdintasuna  aurrera egiteko eta etorkizunari erantzun egokiago emateko tresna berritzaile eta eraldatzaile bat dela.  Giza eskubideen gai bat izateaz gain, badagoela ere bikaintasunarekin lotuta, besteak beste, gure gizarteko talentu guztia kontuan hartzea suposatzen duelako. 

 

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.