es
eu

Saioa Iraola: "Bizitzaren dimentsioa bere osotasunean barne biltzen duen greba izan zen martxoaren 8koa"

Saioa Baleztena

Gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna erronka izan dute hainbat eragilek azken urteetan. Esparru ugarietako emakume anitzetarikoen hausnarketatik sortu zen 2002an Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF). Saioa Iraola bozeramailearekin solastatu da GIZADIBERRI.

 

Nola dago zure ustez, gaur egun, feminismoaren osasuna Euskal Herrian?

Osasuntsu dagoela esango nuke, bai patriarkatuaren aurka jorratu beharreko diskurtso, estrategia eta proposamenak gaurkotzeko dugun gaitasunagatik, eta bai feminismoa askotariko eremuetara zabaldu delako: komunikabideak, unibertsitatea, herri eragileak, lantokiak eta kulturgintzan, adibidez, eta baita, borroka feminista artikulatu eta mugimendu feminista oparo bat dugulako ere. Diskurtsoez harago, gure helburua herri hau feminismotik eraikitzea denez, praktika politiko feministak indartu behar ditugu, eta uste dut ahalegin horretan gabiltzala.

Zenbateraino hobetu da egoera Euskal Herrian, 2002an Bilgune Feminista sortu zenetik?

Emakumeon eskubideetan urrats esanguratsuak eman diren arren, batez ere, arlo instituzionalean, eta, bereziki, legeetan, horrek ez du esan nahi bereizkeriek jarraipenik ez dutenik edo emazteon errealitatea guztiz aldatu denik. Hortxe dugu emakumeon aurkako indarkeria, etenik ez duena, egiturazko biolentzia, kasu. Patriarkatuak forma eta adierazteko modu berriak ditu gaur egun, eta, batik bat, larria dela uste dut feminismoa asimilatu eta edukiz husteko egiten ari den ahalegina.

Geroz eta ohikoagoa da belaunaldi desberdinetako emakumeak batzea Euskal Herriko mugimendu feministan. Zein irakurketa egiten duzu?

Bistakoa da mugimendu feminista gai izan dela belaunaldi berriak erakartzeko eta borroka feminista zabaltzeko. Aberasgarria da, baina, hala ere, erronka garrantzitsu bat dugu eskuartean: belaunaldien arteko mintzakidetza indartzea. Batzuetan, helduenek gazteenen aldetik, aitortza falta sentitzen dutela uste dut, eta aldiz,  helduenak mesfidati sentitzen ditut gazteenek erabiltzen dituzten adierazteko, jarduteko erengatik.... Hori erronka bat da, baina aurtengo martxoaren 8ko antolaketak zubi horiek indartzeko balio izaten ari da. 

Batek baino gehiago aipatzen du gizonezkoen partaidetza murritzegia dela oraindik borroka feministan. Ados zaude?

Ez nago ados. Uste dut borroka feministak askotariko une eta guneak ahalbidetzen dituela borrokarako, eta horietako asko eta asko zabalik daude jendarte eredu kapitalista eta patriarkal honen aurka jardun eta bizi alternatiba berriak sortzen joateko. Beraz, ez dago aitzakiarik, eta jarrera horiek askotan borroka feminista deslegitimatzeko edo gutxiesteko erabiltzen direla uste dut.

Boterea, nonahi dagoen elementua dela defendatzen duzue. Zer da eta non dago boterea zuen ustez?

Boterea harreman guztietan zirkulatzen duen indarra da, eta horregatik, ezinbestean hitz egin behar dugu hainbat aldagaiz, besteak beste, autoestimuaz, jabetzeaz, ahalduntzeaz, eskubideez, interesez, aukerez, kontrolaz, intzidentzia politikoaz, antolakuntzaz, estrategiez... Zapalkuntza sistemak baliatzen dira boterea egituratzeko, eta horrek guretzat hiru dimentsio ditu: intimoa (emozioak, autoestimua), gertuko harreman sozialena (harreman afektiboak, eremu pertsonala eta pribatua), eta publikoa (instituzioak, legeak, ideologia, egitura ekonomikoak...).

Testuinguru honetan boteretzea da zuen ustez berdintasunaren aldeko giltza. Baina zer da boteretzea, zehazki?

Batetik, barrutik kanpora eragiten duen epe ertain edo luzeko prozesua da, baina lortu nahi dugun jomuga ere bada. Lehenik, arlo intimoan zapalkuntza egiturez  ohartu eta horri aurre egiteko gaitasunez jabetu behar dugu; bigarrenik, hurbileko harreman sozialetan eragiteko eta negoziatzeko abilidadea jorratu; eta azkenik, antolakuntza feministak sortu, egitura sozial eta politikoak eraldatzeko eta botere egituretan eragiteko. Bestalde, prozesuak norbera, proiektua eta kolektiboa  hartuko ditu kontuan. Gainera, argi dugu emakumeok izango garela prozesu honetan subjektu politiko nagusiak, eta kolektiboki indartuko dugula trantsizioa, lidergo kolektibo feministak sortuz. Baina bide horretan, beharrezkoa izango da egun, boterearen adierazpen hegemonikoak ikusaraztea eta hori kudeatzeko beste modu batzuk sortzen joatea. Eta noski, horretarako giza baliabideak, antolakuntza eta estrategiak ezinbestekoak dira.

Testuinguru honetan, aurtengo martxoaren 8an deituta dagoen greba orokorrera gehituko zarete. Lau ardatz aukeratu dituzue, zeintzuk?

Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Bizitzaren dimentsioa bere osotasunean barne biltzen duen greba izango da martxoaren 8koa. Bizi prekaritatearen aurrean, ongi bizitzeko trantsizioa feminista hauspotzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Bizitzen prekarizazioaren ezaugarri nagusia bizitzeko beharrezkoak ditugun errekurtsoak lortzeko egiturazko segurtasun eza baita. Beharbada badugu sarbidea errekurtsoetara, baina ez dakigu aurrerantzean izango dugun ala ez, ezta zenbat denboraz ere. Eta ez hori bakarrik, eskuratze hori ez dagoela gure esku eta ez dugula aski sare ehundua sostengatzeko.

Amaitzeko, zein dira Bilgune Feministaren erronkak hemendik aurrera?

Gure erronka nagusia bada Euskal Herria feminismotik eraikitzea eta eraldatzen jarraitzea, anbizio politiko ikaragarri batekin jaio ginen eta urte hauetan guztietan Bilgune Feministaren baitan sare iraunkor, ederra lortu dugu. Aurrerantzean ere, konpromiso politikoaz, militantzian lana eta plazera uztartuz, emakumeei borrokatzeko espazioak eta moduak eskaintzen jarraituko dugu, Euskal Herriaren burujabetza feminista gauzatzeko egunero-egunero. Eta horretarako hainbat lan ildo ditugu martxan, besteak beste: lidergo kolektibo feministak sustatzea, ongi bizitzea erdiesteko eztabaidak eta proposamenak garatzea, osatze feminista, gure herriaren erakundetze prozesua lantzea, gatazken konponbidean feminismotik eragitea... Lan asko, baina indartuta, saretuta, konprometituta eta gogotsu jarraitzen du lanean gure gorputzen eta lurraldearen gaineko erabakimena defendatzen.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.