es
eu

Lokomotorrak atzean utzitakoak

Danel Agirre

Enpresa handietan beharrean ari diren emakumeek postu alderagarrietako gizonenezko lankideen soldata zein den jakin ahal izango dute Alemanian. Europako herrialde aberatsenean, hainbat gizatalderi erasotzen dien desberdintasuna arintzeko beste saiakera bat da. Ia langabeziarik gabe ere, enplegua duten milioika lagun pobrezian jausten ari dira.

Etxerik gabeko bat, Berlingo Mitte auzoko saltoki baten atean lo. Argazkia: Danel Agirre

Izen aleman amaiezin horietakoa du legeak, irakurtzearen trantzea pasata eztarriaren lehorra arintzeko basokada bat ur edatera behartzen duena: Entgelttransparenzgesetz. Arauak zuzendu nahi duen errealitatea ere arnasestua eragiteko modukoa delako, akaso. Europar Batasuneko herrialde aberatsenean, emakumearen lansaria %21 txikiagoa da gizonezkoena baino, batez beste, Eurostatek urtero argitara eman ohi duen txostenaren arabera. 28 herrialdeko zerrendan, bi kide baino ez dira desparekotasun handiagoa ageri dutenak: Estonia eta Txekiar Errepublika.

Entgelttransparenzgesetz legea azken legealdian familia ministro izandako Manuela Schwesigen burugogorkeriari esker dago indarrean, pasa den udaz geroztik –kargua utzi baino lehen proposamendu azkendu eta onartzearekin tematu zen–. 200 behargin baino gehiagoko lantegietan, antzeko lanpostua dutenen soldata zein den kontsultatzeko prozedura bat ahalbidetu eta zehazten du. Schwesig ministroaren SPDko sozialistek eta Angela Merkelen CDU/CSUko demokristauek osatutako Koalizio Handiak genero desorekaren aurkako mugarri moduan aurkeztu zuen. Testuak, ordea, bere eraginkortasuna mugatu dezaketen ahuldade bistakoak ditu.

Informazioa eskaintzearen betekizuna enpresa handienentzat bakarrik denez, langileen erdia baino ez du babestuko neurriak. Baliatu ahal dutenek, alboan esertzen zaien horrek kobratzen duena jakin ahal izango dute, baina inola ere ez zuzendaritza lansariak parekatzera behartu –egun, %6 ingurukoa da gizonen aldeko diskriminazioa enplegu baliokideetan, estimazioen arabera–. Testuinguru berrian, behar baino gutxiago kobratzen duen emakumeari bi irtenbide geratzen zaizkio: lanpostua uztea, edo auzitegietara jotzea. Sindikatuek salatu dutenez, biak ala biak aukera berbera dira finean, nagusiei demanda ipini dien beharginak lantoki berean jarraitzea ia ezinezkoa delako. Hori gutxi bazen, balizko soldata igoerari buruz erabaki behar duten horiek gizonak dira. Burtsan kotizatzen duten 160 enpresetako administrazio-kontseiluetan, %6 dira emakumeak.

Hainbat gizatalde, ahaztuta

Entgelttransparenzgesetz berriaren gabeziak lokomotor alemaniarra izendatutakoaren paradoxen beste zantzu bat dira. Herrialdearen ikur diren partzuergo erraldoiek –Volkswagen, Daimler-Mercedes, BMW, Allianz, Bosch, Siemens, Bayer, Basf, SAP eta beste– mozkinen errekorrak apurtzen dituzte bat bestearen atzetik. Langabezia tasa %5,5ekoa da, inoiz baino apalagoa. Ekialdean, %20a ukitzetik %8ra igaro da hamarkada eskasean. Ia milioi bat enplegu jabe bila dabil, bete ezinik. Baina arindu baino, desberdintasunak areagotzen jarraitzen du, eta gizatalde baztertuenek hain ekonomia ahaltsuaren onurik ez dute nabaritu ere egiten.

Bana ditzagun alemaniarrak hiru heren perfektutan. Ahaltsuenean ondasuna %27 hazi zen 1991 eta 2015 artean. Erdikoenak %8ko igoera izan zuen tarte berean. Pobreenak, ordea, are gehiago pobretu dira Berlingo Harresia jausi zenetik: haien ondasuna %9 bat murriztu da. Populazioaren %10ak herrialdearen aberastasunaren erdia baino gehiago (%60a) kontrolatzen du. Bizilagunen ia erdiek, txiroenek, 10% baino gutxiago.

Gerhard Schroeder kantziler ohi sozialistak berdeen makuluarekin burututako Hartz erreformari esker, trabatuta zegoen lokomotorra martxan ipini zuen berriz, eta pasa den hamarkadaren erdialdetik, adierazle makroekonomiko ezin hobeak ageri ditu Alemaniak. Mikroekonomiaren lepotik izan da ordea. Minijob delako lanaldi murriztuak (12 ordu 450 eurorekin truke, gaur egun) izan ziren Hartz lege sortaren berrikuntza nagusienetakoa. Lan merkatuaren malgutasuna areagotzeko erreminta moduan aurkeztu baziren ere, aurreikusi gabeko fenomenoa eragin dute: milioika lagunek, enplegua izanda ere, diru-laguntza publiko osagarriak behar dituzte bizirauteko. Gero eta langile txiro gehiago dago Alemanian. 2000. urtean, pobrezian erortzeko arriskuan zeudenen kopurua ez zen %11ra iristen. Egun, pixkanaka %20ra arrimatuz doa. Etorkinak, bakarrik bizi diren ama gazteak eta pertsona nagusiak multzo bereziki zaurgarriak dira.

Pasa den udazkeneko hauteskunde federaletarako kanpainan, desparekotasunaren gaiak espazio zentrala eskuratu zuen eztabaida publikoan. Alemaniarentzat Alternatibako (AfD) eskuin muturrak monopolizatutako berbaldia izan zen ordea, bertakoen eta kanpokoen arteko bereizketa nabarmentzen zuten leloekin. SPDko hautagaiak, Martin Schulzek, justizia soziala izan zuen ahotan mitin eta elkarrizketetan. Hautesleek bai Schulz eta bai Koalizio Handian bere kide izandako Merkel kantzilerra zigortu zituenean, proposamen zehatzik gabe abstraktuegi aritu izanagatik bere burua larrutu zuen lider sozialistak. Baina hasieran kontrakoa agindu bazuen ere, Merkelekin ituna berritzen bukatu du. Gobernu berrituan Finantza Ministerioa –itzal handiena duena– hartuko du bere gain SPDk. Austeritatearen amaiera iragarri du alderdiak, gizarteak “ahaztutako alemanak” berreskura ditzan.

Artículos Periodísticos

‘Ndoki productions’: Erdialdeko Afrikako amatasun gaztea

‘Ndoki productions’: Erdialdeko Afrikako amatasun gaztea

Oskar Epelde

Euskal Herriko nazioarteko adopzioari erreparatuz gero, Asiako haurrekin batera Afrikako haurren adopzioak nagusitu dira azken hamarkadetan. Baina, zein da jatorrizko herrialdetan haurrek bizi duten testuingurua? Idatzi honen bitartez Erdialdeko Afrikan kale gorrian bizi diren neskatilen errealitatea ekarri dugu gurera.

Opinión

De la ilusión al rechazo, el descenso de adopciones en Euskadi

De la ilusión al rechazo, el descenso de adopciones en Euskadi

Javier J. Múgica

Mientras la adopción nacional se mantiene, la internacional ha descendido de una manera muy brusca y continuada en la última década. Este descenso generalizado tiene causas derivadas del modo en que se concibe y se aborda la adopción. Desde la reforma legal, la adopción es ante todo una medida de protección de la infancia en desamparo pero esto aún no está asumido.