es
eu

Joana Miguelena: “Etxegabetzeena ez da urraketa puntuala etorkizunean isla izango duena baizik”.

Saioa Baleztena

Unicef-en Haurren eta Nerabeen inguruko Proiektu eta Ideien Unibertsitate Deialdiaren baitan saritu dute Joana Miguelena (1985, Donostia), ‘Etxegabetze arriskuan dauden haurren eta nerabeen eskubideak. Gipuzkoako kasua’ master amaierako lanagatik.

Zenbaterainoko garrantzia izan du zuretzat UNICEF saria jasotzeak?

Izugarrizko pozarekin jaso dut. Ez genuen espero eta haurren eskubideen inguruan lan egiten jarraitzeko bultzada izan da. Sari honek, gainera, etxegabetze prozesuetan dauden haur eta nerabeen errealitatea, sentimenduak eta euren eskubideen egoera jende gehiagok ezagutzeko aukera eman du, eta horrek ere asko pozten gaitu. 

Noiz eta nola suertatu zitzaizun gai honen inguruko ikerketa egitea?

Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Unibertsitate Masterrean izena eman nuenean argi nuen haurren eskubideen inguruko ikerketa bat egingo nuela, betidanik interesatu izan zaidan gaia baita. Bestalde, garai hartan Kaleratzeak Stop plataformako abokatu batekin askotan gosaltzen nuen eta berak kontatzen zidan nola bizitzen zituzten familiek, eta bereziki, haur eta nerabeek, etxegabetze prozesuak eta zeintzuk izaten ziren hauen ondorioak beraien bizitzako eremu desberdinetan. Asko hunkitzen nauen errealitatea da, zabalkundea behar duena.

Zergatik aukeratu zenuen haurren ikuspuntua?

Oso gutxitan entzuten ditugulako haurrak, beti bigarren edo hirugarren planoan daude ezkutatuta-edo. Ikusezinak dira hedabideetan, agerraldietan, epaitegietan zein bankuetan. Baina, garrantzitsua da erreparatzea nola bizitzen duten prozesu hori eta zein ondorio dituzten bizitzako esparru desberdinetan, adibidez.

Zenbat denbora behar izan duzu ikerketa egiteko eta zein izan dira fase desberdinak?

Master amaierako lan bat izan zen, beraz, bederatzi hilabete inguruko iraupena izan zuen. Ikerketaren faseei dagokionez, hasieran gerturapen bibliografiko txiki bat egin behar izan nuen, gaia testuinguratzeko. Ondoren atal metodologikoa diseinatu eta parte-hartzaileak aukeratu eta kontaktuak egin nituen. Parte hartuko zutenen kontaktua egin eta gero, ikerketaren helburuak azaldu nizkien eta elkarrizketa egiteko eguna adostu genuen. Gero, elkarrizketatik jasotako datuen analisia eta emaitzen interpretazioa egin nuen, eta azkenik, ikerketaren idazketa eta defentsa.

Zein izan dira ikerketa gorpuzteko erabili dituzun irizpideak?

Haur eta nerabeen eskubideak etxegabetzeetan ez zen ikertua zegoen gai bat, beraz, iturri ezberdinetatik hartutako datuak erabili nituen ikerketa gorpuzteko. Adibidez, Espainia eta Euskadiko egoera sozioekonomikoko datuak, krisiak haur eta nerabeen bizitzan eragiten zituen ondorioen datuak, Unicef, Save the Children eta Ararteko bezalako txostenetatik lortutako datuak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko eta Madrilgo sententziak...

Ikerketaren helburu nagusietako bat  etxegabetzeen inguruan haurren eskubideak mahai gainean jartzea da. Zein uste duzu direla aurrerantzean, zentzu honetan, eman beharko liratekeen urratsak?

Nik uste helburu nagusia lortu nuela ikerketak dituen ehun horri horietan behin eta berriz “eskubide urratuak” hitzak agertzen diren heinean. Baina, paperetik haratago joatea, oso gauza desberdina da. Unicefen sariak errealitate hau salatzeko balio du, jendarteak etxegabetze batek haurrengan izan ditzakeen ondorioez jabetzeko. Ezinbestekoa da etxegabetze bat sufritu duten edota sufritzen ari diren pertsonen inguruko aurreiritziekin bukatzea, oraindik ere jende askok uste duelako etxetik botatako familia bat bere ahalbideen gainetik bizi izan dela. Eta hori ez da horrela.

Zer egin daiteke egoera horri buelta emateko?

Elkarrizketatu nituen pertsonek hainbat proposamen egin zituzten. Adibidez, haur eta nerabeen fiskalaren agerpena eskatzen zen, haurren interes gorena epaitegietan aldarrikatzeko, horrela, haur eta nerabeek etxebizitza egoki eta duin bat izan dezaten; kontzientzia soziala ere eskatzen zen; eskoletan etxegabetzeen gaiaren inguruko esku-hartze bat egitea proposatzen zen,  bertan (eskolan) bizirik zeuden aurreiritzi eta diskriminazioa ekiditeko; Hipoteka Legearen aldaketa,  ordainean ematea ziurtatzeko.

Haurren eskubideen inguruan nahikoa ikertu dela uste duzu? Zergatik?

Ez. Haurren eskubideen historia oso laburra da eta, nahiz eta azkeneko denboraldian haurren eskubideei arreta gehiago jarri, oraindik ere, asko dago egiteko. Normalean haurren babesarekin lotutako eskubideei erreparatzen diegu baina haurrek subjektu aktibo izateko parte-hartze eskubideak aitortuak dituzten arren ez dizkiegu egikaritzen uzten. Ez dakit beldurra, ezjakintasuna edo nagitasuna den baina ez dizkiegu aitortutako eskubide horiek behar bezala egikaritzen uzten. Eta hori ere, ikerketan zein beste edozein eremutan agertzen da. Gehiegi ikertzen dugu haurren onurarako euren iritzia kontutan hartu gabe.

Zein iritzi duzu Euskal Herrian etxegabetzeak sofritzen dituzten familiek eta haurrek duten babesaren inguruan. Arreta nahikorik jartzen diogu?

Ez dira behar bezala babesten, ez jendartean, ez legedian, eta ezta hedabideetan ere. Familia hauek plataformetan aurkitzen dute babesa, bertan ahalduntzen dira eta borrokatzen hasten dira. Jendarte-politika berriak sortu behar dira pertsonen eskubideak oinarri izanda eta ez bankuen eskubideak. Ordainean emateko aukera egon behar du, ezin dira familiak etxetik bota eta bankuarekin duten zorra mantendu. Alokairu soziala sustatu behar da, haurren interesak lehenetsi behar dira edozein erabaki hartu baino lehen…

Ez al da sarri gai honen inguruko informazioa estaltzen?

Asko, batez ere, datu ofizialak. Ikerketarekin hasi nintzenean etxegabetze kopuruen datu ofizialak behar nituen eta ez nituen erraz lortu. Garai hartan, hedabideetan goiz, eguerdi eta gauean zeuden etxegabetzeak gora eta etxegabetzeak behera, baina, erakusten zuten irudia beti berdina zen. Ez zituzten datu ofizial asko eskaintzen ezta kaleratutako familiari behar adina garrantzirik ematen. 

Ikerketa hau egin ondoren zein eragin uste duzu duela haurren eskubideen urratzeak eurengan?

Zoritxarrez ez dira soilik haurren eskubideak urratzen etxegabetze prozesuan zehar, etorkizunean iraungo duen egoera bat izango da. Bankuarekin zorrek euren bizitza-aukerak eta eskubideen egikaritza baldintzatuko ditu. Ez da urraketa puntuala, etorkizunean isla izango duena baizik.

Zure tesian lanean ari zara oraindik, eta haurren eskubideak dituzu hizpide, ezta?

Aurreko urtean, Euskal Herriko Unibertsitateko doktoretza aurreko diru-laguntza lortu nuen eta harrezkeroztik tesia egiten nabil Garaian ikerketa-taldean Paulí Dávila eta Luis Mª Nayaren zuzendaritzapean. Tesiaren haur eta nerabeen eskubideen ikerketa-lerroan dago kokatuta, baina oraingoan, harrera pisuetan dauden haur eta nerabeen errealitatea dut ikergai.

Amaitzeko, aurrera begira zein da zure erronka nagusia?

Gaur egun tesia amaitzea da nire erronka nagusia baina, etorkizunera begira, beste diru-laguntzaren bat lortuz gero, haur eta nerabeen eskubideen inguruan ikertzen jarraitu nahiko nuke edota haien eskubideak babesten dituzten instituzio edota gobernuz kanpoko erakunderen batean lan egin.  Denborak esango du.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.