es
eu

Adinekoak agertokira

Aitor Arambarri

Euskadi Lagunkoia Sustraietatik ekimenak adineko pertsonak herrietako eragile aktibo izatea du helburu. Iragan uztailean aurkeztu zuten egitasmoa, eta ordutik, espazio publikoa herritarron beharretara egokitzeko lanean ari dira.

Adinekoak agertokira

Laurogei urte inguruko gizon bat sofan eserita arratsalde pasa ETB2ko western filma ikusten. Andre taldea kafetegian berriketan. Talde bat zahar-etxean jo eta su karta-jokoan. Enparantza eraberritzeko lanak herrian eta ohiko hesi horiaren atzean dozena erdi gizonezkoko audientzia. Eszenok adineko pertsonen estereotipoak dira, alegia, gizartearekiko pasibo den edadetuaren irudia. Adinekoen inguruan eraiki den irudia deusezteko asmoarekin lan egiten dute nazioarteko zein tokiko zenbait eragile eta erakundek. Baina batik bat, adinekoak dira lan handiena egin behar dutenak.

Miguel Calvillo jubilatu ordiziarrak argi dauka: “Ezin dugu gure inguruan gertatzen dena alde batera utzi, gurekin ez doala esan eta jaramonik egin ez. Adinekook gizartearen parte gara eta geure ekarpena egin behar dugu; gure jakintza zabala eskaini dezakegu, eta gainera, gazteak baino denbora gehiago daukagu horretarako”. Azken baten, adinekoek aktiboak izan behar dutela defendatzen du Calvillok.

Aldarrikapen horrekin zahartzaroa ere bizitzaren garai aktiboa izan dadila lortu nahi dute. Deia Munduko Osasun Erakundeak (MOE) egin du: “Pertsona guztiek gizartearen edozein jardueratan aktiboki parte hartzeko aukera izatea lortu behar dugu”. Hau da, adinaren muga indargabetzea dute helburu, urteei bizitako esperientziaren balioa gehitzea. Hortik jaio zen hiri lagunkoiaren kontzeptua, azken urteotan Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia Sustraietatik programaren eskutik Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jarri dena.

Elena Del Barrio Matia Fundazioko adituaren hitzetan, “adinekoek gazteek baino denbora libre gehiago dute, eta indar horretaz baliatuz bizileku eroso eta lagunkoiagoak lortzea da asmoa, bai zaharrenentzat zein gainontzeko hiritar guztientzat”. Azken bi urteetan, eta MOEren filosofiari jarraiki, Matia Fundazioa dozena bat udalerri baino gehiagotako gobernuekin batera elkarlanean dabil ekimenak aurrera egin dezan.

Ordiziako adinekoek 2013an izan zuten proiektuarekin lehen hartu-emana. Miguel Calvillo eta Javier Barandiaran beteranoek azaltzen dutenez, egitasmoak harrera ona izan zuen herriko adinekoen artean. Topaketaren nondik norakoak azaldu dizkigu Barandiaranek: “Ideia aurkeztu, adinekoekin batzartu eta herriaren gainean eztabaidatzen dute. Bildutako ekarpenekin, Matiako teknikariek diagnostikoa osatu eta herrira bidaltzen dute”. Ordiziaren kasuan, emaitzak berriki iritsi dira, eta Udala, berauek aztertu ostean, pixkanaka aholku eta gomendioak jarraitzen hasi da. Adibidez, dendetan adinekoek atseden har dezaten aulkiak jartzen ari dira, edota ariketa fisikoa egiteko programak prestatzen.

Lan-esparrua oso zabala da; gaizki argiztatutako kaleak, behar bezala egokituta ez dauden zebrabideak, zerbitzu jakin baten gabezia duten auzoak... Horietaz gain, hirigintzatik haratago doazen iradokizunak ere hartzen dira kontutan. Adibidez, gizartea ‘berriz ehuntzeko’ saiakera ere badakar lagunkoitasunaren ideiak: Herritarren arteko harremana indartu eta auzoetako babes soziala berreskuratzeko ahalegina egin nahi dute. “Kontu sinpleak”, dio Calvillok, hala nola, dendari batek  adineko bezero bati gaur erosi nahi duen okela atzo erosi zuela gogorarazteko hartzen duen konpromisoa.

Ildo beretik, Euskadi Lagunkoiaren zeruertzean marrazten diren ekimenen artean deigarrienetariko bat Denboraren Bankua da. Dinamika horretan denbora trukatzeko sistema proposatzen da, “herritarrok elkar zaindu eta elkarren sostengu izan gaitezen”, dio Del Barriok. Euskadi Lagunkoiaren webgunean topatu daiteke informazio guztia biltzen duen aplikazioa. Orain, Ordizian bertan, lekuko gobernua proiektua martxan jarriko duen pertsona baten bila ari da. Oraindik lan handia dago egiteko.

Adinekoak protagonista
Euskadi Lagunkoia ekimenean adinekoek hartu duten erabateko protagonismoa nabarmentzen du Calvillok: “Orain arte adineko jendeaz eta gure beharrez hitz egiten zenean, guk ez genuen parte hartzen. Adituen eta boterean zeudenen arteko kontua zen”. MOEren helburua hori aldatzea da, horregatik egin diete adineko pertsonei agertokira igotzeko gonbita. Zaharrenen jarrera pasiboa izatetik aktiboa izatera pasa dadin nahi dute, gudu-zelai bilakatzen den ohiko kexa-leku den taberna zulotik atera eta gizarte ekimenera bultzatuta.

Hala ere, Del Barrioren ustez, proiektuak badu ahulezia bat: jarraipen falta. Dioenez, “gutxika doan zerbait baita”. Gainera, Matiako teknikariak azaltzen duenez, hiritarrak dira protagonistak, eta euren inplikazioa lortzeko denbora beharko da.  Argi dauka denon artean egin beharreko zerbait dela: “Kutsatze mugimendu bat sortu behar dugu: Herri batean ondo funtzionatzen badu, eta agerikoa bada, herritar gehiagok hartuko dute parte. Eta alboko herrikoek horren berri badute, euren arduradun instituzionalei ere ekimenean parte hartzea eskatuko diete”.

Aitor Arambarri @Gizadiberri
--
Gaztezulo aldizkarian, 2015eko maiatzean publikatua

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.