es
eu

Aritz Galarraga: “Egoerarik ustez eta baikorrenean ere ez genioke sekula utzi behar adi egoteari”

Saioa Baleztena

Hamarkada bat betetzen da aurten, Aritz Galarraga (Hondarribia, 1980) Bartzelonara iritsi zenetik. Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua ikasi eta 2007az geroztik Bartzelonako Unibertsitate Autonoman (UAB) euskal ikasketen Lektorea da. Euskal Herriko aktualitatea, hala ere, zorrotz jarraitzen du, eta hainbat euskal hedabidetan jarduten du literatura eta telebistaren gaineko iritzi kritikari moduan.

Bota titularra: Nola ikusten dituzu Euskal Erkidegoko Gizarte Zerbitzuak? 

Egia esan, euskal errealitatearen irudi nahiko mediatizatua daukat aspaldion. Eta oso oker egon naiteke, baina jasotzen dudan inpresioa da Euskal Harrian ez dagoela Espainiako Estatuko beste hainbat lekutan dagoen alarma egoerarik.

Kataluniakoarekin zein alde dago, zure ustez?

Katalunian ezinegon handia dago azken garaiotan oro har politika sozialen inguruan. Azken bost urteetan etengabekoak izan dira murrizketak zerbitzu sozialen eremuan. Esan daiteke austeritatea, salbuespena baino, egiturazkoa bilakatu dela.

Kritika nahikorik egiten zaie Gizarte Zerbitzuei euskal gizartean?

Kritika nahikorik seguru aski ez da inoiz egiten, ez inori, ez ezeri; baina euskal gizartean ez dut nabaritzen Katalunian ezagutzen ari garen alerta egoera hau. Dena den, iruditzen zait egoerarik ustez eta baikorrenean ere ez geniokeela sekula utzi behar adi egoteari.

Zuk, zeini idatziko zenioke zutabea?

Hitz jokoa onartzen badidazue, eskubide sozialen zutabe nagusietako bati: hezkuntzari. Besterik ez bada, osasunaren eta etxebizitzaren ondoan, ez dezagun begien bistatik galdu.

Eta autokritikarik ikusten duzu?

Kritika modu oro, zer esanik ez autokritika, eta beste hark esango lukeen bezala, ez da ahuleziaren ezaugarri. Zenbat eta gizarte sendoagoa izan, orduan eta kritikarako gaitasun handiagoa izango du. Zentzu horretan, kotoiaren froga gisa funtziona dezake kritikak.

Komunikabideak egun, gizartearen isla direla esango zenuke?

Gizarte baten parte direnez, ezinezkoa zaie hedabideei gizarte horren ezaugarriei iskin egitea. Egin dezaketena da uhinaldian nola edo hala aurrera egitea, eta batez ere, beren funtzioa ahalik eta modurik duinenean betetzea.

Eta zein da kazetarion ardura testuinguru horretan? 

Kazetarion eta oro har kazetaritzaren ardura handia da. Ez dakit gaur egunean ere laugarren edo auskalo zenbatgarren boterea jarraitzen duen izaten, baina beharko luke, besteak beste boterea kontrolatzeko, edota iritzi publikoan eragiteko.

Hedabideetan aritzen zara. Generoari dagokionez berdintasunik badago?

Argi dago ezetz, baina ez hedabideetan, ezta gizartearen beste edozein eremutan ere. Eta esango nuke ez dela egongo patriarkatuarekin bukatzen dugun arte. Eta patriarkatuarekin bukatzeko gizonezkook paper aktibo bat jokatu behar dugula kontziente izan arte. Adibidez, tokatzen denean, pausu bat bazterrera emanez.

Krisi garai honetan kazetaritza da sektore zigortuenetako bat. Zein iritzi duzu prekarietatearen inguruan? 

Aurre egin behar zaiola. Adibidez, gaur egungo gazteek ez dezaten pentsa langabezia eta prekarietatea berezko gauza direnik, eta ez dezaten buka onartzen lan gaizki ordaindu, ezegonkor, lotura ahuleko bat dela lor daitekeen egitate laboral bakarra.

Kulturan nahikoa inbertitzen dela uste duzu?

Ezta gutxiago ere. Ez da orokorrean nahikoa inbertitzen prebentzioan: eta osasuna, noski, baina baita hezkuntza eta kultura ere gizarte baten prebentziorako tresnarik egokienak dira. Gastu gisa ikusteari utzi beharko genituzke, eta inbertsio gisa ulertzen hasi.

Zer behar du kulturak eta literaturak gaur egun?

Hasteko, ez genituzke begiratu beharko gehiago gurasokeriaz. Ulertu beharko genuke kultura eta, zehatzago, literatura, bestelako diskurtsoek aintzat hartzen ez dituzten esperientzia eremuak ibiltzen dituztela. Eta utz diezaiegun egin dezatela iraultza beren bitartekoekin.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.