es
eu

Felix Arrieta: "Pandemiak egonkortu egin du 3 ereduen adibidea erabakiak hartzerako orduan"

Ainara Arregi

Felix Arrieta (Donostia, 1982) Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Departamentuko irakaslea eta politologoa elkarrizketatu dugu, bere ustez, pandemiak gizarte zerbitzuetan nolako eragina izan duen konta diezagun. Elkarrizketarako, 2019an kaleratu zuen El archipiélago del bienestar. Los servicios sociales en el País Vasco (Ongizatearen artxipelagoa. Gizarte zerbitzuak EAEn) liburua hartu dugu oinarri.

3 irla artxipelago baten, eta, tsunami handi bat...

Euskal Autonomi Erkidegoan gizarte zerbitzuen eredu bakarra izan beharrean, 3 eredu dauzkagu; lurralde bakoitzak bere eredu propioa landu du. Horrek ez du esan nahi gizarte zerbitzuek erantzun txarra ematen dietenik hiritarrei, alderantziz, uste dut, gure sistemak erantzun onak eman dituela, baina gobernantza aldetik, ahultasunak dauzka. Nire ustez, 3 ereduen logikak ahultasunak suposatzen ditu. Pandemian argi ikusi dugu, batez ere, pandemiaren lehen fasean, adinekoen egoitzak jomugan zeudenean, Aldundi bakoitzaren kudeaketa eta erantzuna desberdina izan dela, komunikaziotik hasita. Batzuk egunero komunikatzen zituzten kasuak, besteek astean behin, interlokuzioa ere ezberdina izan da, eta, guzti horrek ere, maila batean, erantzuna baldintzatu du. Pandemia honek 2 gauza jarri ditu erdigunean; batetik, osasun-sistemaren indartzearen zentralitatea, eta, bigarrena, gizarte zerbitzuetan, eta nagusiki, adinekoetan, beraiek izan direlako kaltetuenak hasierako fasean, batez ere, arlo sozio-sanitarioaren koordinazio esparruak indartzeko beharra, eta, arreta eredua birpentsatzeko beharra. Pandemiak egonkortu egin du 3 ereduen adibidea erabakiak hartzerako orduan, eta, mahai gainean jarri digu erronka komun bat, eta, erronka komun horri, erantzun bat emateko beharra. 

Pandemia dela eta, zein uste duzu izan dela gizarte zerbitzuetako arlorik kaltetuena?

2 aipatuko nituzke bereziki; batetik, mendekotasuna izan eta zahar-egoitzetan bizi diren adinekoak. Zaurgarrienak izanik, pandemiaren lehen fasean, arreta berezia eskaini zitzaien, eta, horrek, seguraski, lehendik mahai gainean bazegoen hausnarketa batera eraman gaitu: egoitzen eredua bir-pentsatzearen beharra. Bestetik, zaurgarritasun egoeran dauden, eta orokorrean, bazterkeria egoeran daudenak oso kalteturik egon dira pandemian. Ez dezagun ahaztu, etxeratze agindua jaso genuenean, 2020ko lehenengo fase hartan, hainbat baliabide jarri zirela martxan, beharrizana zeukatenei laguntzeko, baina pandemiak aurrera egin ahala, baliabide haiek kendu egin ziren, eta, pertsona zaurgarriak are egoera zaurgarriagoan geratu zirela.

Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza dira herritarrei gizarte zerbitzuak eskaintzeko ardura dutenak. Zerbitzu horien matazan, pandemiak lortu al du herritarrak argiago izan dezan nora jo behar duen une bakoitzean?

Nik uste, oraindik ere, galduta egotearen sentsazioak jarraitzen duela. Gizarte zerbitzuen sistemak legitimitate osoa izan dezan, eta hiritarrak bere burua hobeto topatu dezan, nire ustez hiritarrek erreferentzialitate behar dute. Pandemiak neurri batean, galdu egin du erreferentzialitatea, aurrez aurreko zerbitzuak eten egin direlako, gizarte zerbitzuetan hain beharrezkoa den lotura ezin eskaini izanik, hautsi egin du erreferentzialitatea.

Eta zer egin daiteke, hiritarrok senti dezagun badugula babes-sistema bat?

Tokian tokian, erantzun egokiak egon dira, eta gizarte zerbitzuetako profesionalak egoerara egokitu eta jakin dute erantzuna ematen, baina erreferentzialitatek gertu egon beharko luke, eta horretarako, uste dut, pausoak eman beharko genituzkeela.

Ezinbestekoa da hiritar bakoitzak bere herrian, auzoan sentitu duen sentsibilitate edo erantzuna, sistema batekin lotzea, eta lotzen duzun heinean, hori legitimizatzea. Uste dut horixe falta zaigu, eta momentua izan daitekeela pauso hori emateko, zeinetan sentitzen dugun zaintzarekin eta osasunarekin lotutako elementuak eztabaida publikoaren erdian daudela. 

Zein izango litzateke hortaz, antolaketa egokia? Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke eskumen osoa?

Askotan esan dudan bezala, nire ustez, egituraketa ideala Jaurlaritzak kudeaketa bere egitea izango litzateke. Gero hor badago beste galdera bat: zeinekin? Hor badago Hirugarren Sektorea, gaur egun, erkidegoan oso ondo egituratuta dagoena. Baina lehen esan bezala, erreferentzialitatea lortzeko bidean, sistemak begirada bat edukitzea falta zaigu, eta begirada bat izateko modu diferenteak egon daitezke, baina nik argi daukat, epe luzeko ibilbidea izan behar lukeela, eta Jaurlaritzak sistema baterantz jo beharko luke. Horren osagarri, pentsatu beharko litzateke zein diru-sarrera erabiliko litzatekeen horretarako, eta hor badaude beste tresna batzuk, aportazio-legea adibidez, eta horiek denak bide-orrian jaso beharko lirateke. Erakunde batek, irizpide batzuk, eta, batez ere, aurrekontu batekin funtzionatzeak asko erraztuko lituzkela bai pasabideak, bai erreferentzialtasuna, eta baita, jendeari eman dakizkiokegun erantzunak. Azken urteetan, baieztatzen ari gara lurralde bakoitzaren bidea edo eredua. Eskumen aldaketarik egin gabe, pausoak eman daitezke koordinazio handiago baterantz.

Nork, noiz, non planteatu beharko luke aldaketa hori? Alderdi politikoek, sektoreak, herritarrek…?

Nik uste, alderdi politikoen ardura dela, eta espazioa Eusko Legebiltzarrak izan behar duela. Eztabaida honek lasaia izan beharko luke. Badira 14 urte, Gizarte Zerbitzuen Legea onartu zela, eta, agian, ez da momentu txarra gaiari berrekin, eta nolako gizarte zerbitzuen sistema nahi dugun hausnartzeko. Autogobernuak 40 urte bete dituen honetan, eta gizarte zerbitzuen sistema hasieratik oso presente egon zen gaia izanik, erabaki haien ondorio da sistema. Beraz, nire ustez, jokotan jarri behar dena, ez da esatea eskumenak aldatu behar diren edo ez, baizik eta, gaur egun, badugu gizarte sistema bat, 4 mugarri izan ditzakeena: hezkuntzasistema badaukagu, osasun-sistema badaukagu, gizarte segurantza propio bat izan nahi dugu, eta, niretzako garrantzitsua da baita, gizarte zerbitzuen sistema egonkor eta osatua izatea.

Pandemiak eragin al du ongizate estatuaren gainbehera?

Nik ez dut uste; esango nuke ongizate estatuaren eraldaketa batean gaudela. Pandemiak erakutsi du ongizate estatuaren zutabe garrantzitsu diren osasun-sistema, eta, hezkuntzasistema zein beharrezko diren gizarte baten ongizaterako. Nire ustez, pandemiak erakutsi digu balorean jartzen mahai gainean dauzkagun zerbitzu publiko batzuk, kritikotasun guztiekin. Pandemian erabakiak hartzea ez da erraza, eta, horrek zalantzan jarri ditu elementu asko, baina, nik esango nuke, pandemia honek erakutsi digula, ongizate estatuan aurrera egiteko beharrezko baliabideak ditugula.

Eta gizarte zerbitzuen etorkizuna nola ikusten duzu?

Nik ez dut amore emango eta, lehen aipatutako idealerantz jo beharko genuke. Eta, gonbitea luzatzen diet alderdi politikoei hausnarketa has dezaten. Nola nahi ere, orain, martxan jartzen ari diren zenbait eraldaketa prozesu, oso interesgarriak direla idealera iritsi gabe. Adibidez, oso interesgarriak dira eskualde mailan gertatzen ari diren koordinazio adibideak. Etorkizuna eraikitzen aterkipean, Gipuzkoan, Pasaia Herri Laben egin nahi dena, edo Elkarrekin Laneanen inklusioaren arloan egiten ari direna, eskualde mailako koordinazioaren adibide politak dira. Behetik gorako estrategiak dira, eta, horietan, eskumen aldaketa urruti ikus dezakegunez, gutxienez, eskualde mailan, zerbitzu ezberdinen artean koordinazio eta bateratze espazioak sortzen hasi dira. Esperientzia horien bidetik joan beharko litzateke, etorkizuneko gizarte zerbitzuen sistema, edo, zaintza zerbitzuen sistema. Izan ere, erronkarik nagusienetakoa eta politenetakoa eskualdeetan eta toki-mailan, ze espazio sortzen ari garen, koordinazio eta transzisio horiek beste modu batera egiteko, eta beste klabe bat, transzisio horiek arlo komunitarioarekin lotzea, izan ere, kontzientzia hartu dugu, eta horrek ere osagarri izan behar du.

Artículos Periodísticos

Felix Arrieta: "Pandemiak egonkortu egin du 3 ereduen adibidea erabakiak hartzerako orduan"

Felix Arrieta: "Pandemiak egonkortu egin du 3 ereduen adibidea erabakiak hartzerako orduan"

Ainara Arregi

Felix Arrieta (Donostia, 1982) Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Departamentuko irakaslea eta politologoa elkarrizketatu dugu, bere ustez, pandemiak gizarte zerbitzuetan nolako eragina izan duen konta diezagun. Elkarrizketarako, 2019an kaleratu zuen El archipiélago del bienestar. Los servicios sociales en el País Vasco (Ongizatearen artxipelagoa.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.