es
eu

Maite Pagola: “Harrera ez da adopzioa, ezta adopziora iristeko bidea ere”

Jon Intxaurraga

Koronabirusak mudantzan harrapatu du Beroa. Donostiako Autonomia kalera mugitu da Gipuzkoako harrera-familiak batzen dituen elkartea. Maite Pagola gizarte langilearekin hitz egin dugu haien errealitatea ezagutzeko asmoz. Leticia (psikologoa) eta Harritxurekin (integratzailea) batera 1999an sortutako elkartea kudeatzen du, gaur 85 familia bazkide dituena. Elkarrizketa hasi aurretik, ohar bat: gurasoa da jatorrizko familia edo biologikoa, harrera-familia laguntzen duen familia bat, ordea.


Harrera-familia eta adopzioa nahasten ditugu sarritan.
Argi utzi nahiko nuke bi baliabide ezberdin direla. Harrera ez da adopzioa, ezta adopziora iristeko bidea ere. Alegia, harrera-familien helburua ez da adingabearen familia ordezkatzea, une oro errespetatu behar baita. Arrazoi ezberdinengatik beraien familia biologikoarekin bizi ezin diren haur eta gazteei zuzendutako babes baliabide bat baizik. Haur txikiez gain, nerabeak ere izan daitezke, anai-arrebak dituztenak edo ez, eta jarrera-arazoak adierazten dituztenak edo ez.

Zein da prozesua?
Haurra edo nerabea ez da etxetik egun batetik bestera ateratzen, atzetik prozesu bat dago. Kasuak Udalera iristen dira eta guraso biologikoekin lanketa egiten da. Batzuetan bere onurak ditu eta familiak zailtasunei aurre egiten die, baina beste batzuetan ez da nahiko izaten eta beste esku-hartze bat behar dute. Kasu larriak Gipuzkoako Foru Aldundiak lantzen ditu balorazioa eta helburua finkatuz. Leticia eta ni harrera-egoitzetatik gatoz eta haurrak eta nerabeak ongi zainduak daude, baina elkartetik harrera-familia aldarrikatzen dugu adingabearentzat dituen onurarengatik: familia estrukturatu eta goxo batean hezteko aukera, besteak beste. Harrera-haurrek behar jakin batzuk dituzte eta hori asetzeko eta laguntzeko, kasu bakoitzak arduradun bat du, jarraipena egiten duena orientazioa eskainiz.

Zer egin behar du harrera eskaini nahi duen familia batek?
Hasteko, ahal dugun informazio gehiena jasoko dugu. Profila irekia da, guraso bakarreko familiak, sexu bereko bi heldu edota heterosexualak, denak dira ongi etorriak. Etxean hausnartu, zalantzak argitu eta ados daudenean, emango dugu hurrengo pausoa eta orduan balorazioa egin beharko dugu elkarrizketekin batera, eta gai diren edo ez esango digute. Baiezkoan, momentua iristean, harrera familia haurra ezagutzen joango da pixkanaka dena formaldu arte. Bi edo hiru hilabete izan daitezke, haurraren adinaren arabera prozesua azkarrago edo mantsoago egingo da. Familia mota desberdinak daude eta bakoitzak aukeratu dezake zer motatakoa izan nahi duen.

Zeintzuk dira familia-motak, bada?
Boluntarioekin hiru mota ditugu, Lauka elkarteak kudeatzen dituenak. Lehena da urgentziazko harrera:  legez 0-3 urte bitartekoak ezin dira harrera-egoitzetan egon, hortaz, urgentziazko familia behar izaten dute. Haren eginkizuna da “behin betiko” harrera familia heldu arte zubi-lanak egitea, hiru hilabetez eta beste hiru luzagarri. Bigarrena da aldi baterakoa, familia biologikoarekin bueltatuko dela aurreikusten denean, hilabete batzuetatik bi urtetara gehienez. Hirugarrena da iraunkorra: haurra adinez nagusi egin arte luzatu daiteke, gehiengoak harrera-familiarekin geratzea erabakitzen du. Azkenik, laugarrena espezializatua da eta Agintzari elkarteak kudeatzen du.

Harrera-familiarekin bizi bitartean, jatorrizkoarekin harremana mantentzen dute?
Haurrek eta nerabeek guraso biologikoekin bisita ikuskatuak edukitzen dituzte (kalean edo guk kudeatzen dugun Elkarbizitza Gunean), Foru Aginduan azaltzen den moduan. Bisiten maiztasuna ezberdina izan daiteke. Koronabirusaren egoera dela-eta, eten egin dira, baina hori pasata gune berrian hasiko dira egiten kontaktu horiek.

Harrera-umeak etxea aldatzez gain, eskola ere aldatzen du sarri…
Harrera-haurrek zoritxarrez komunikabideen aldetik ez dute fama onik, askotan gatazkatitzat hartzen dira, eta beti ez da horrela izaten. Kasu batzuk egon daitezke, baina tentuz ibili behar da nola ematen den informazioa. Haur eta nerabe hauek ez dute bizimodu erraz eta egoki bat eduki, eta beraiek bizi duten prozesuan profesional ezberdinak egon dira, eskola-aldaketak bizi izan dituzte, ez-ulertuak sentitu dira…

Irakaslearen rola funtsezkoa da, beraz.
Irakasle horri enpatia eta pazientzia eskatzen diogu. Ez dadila lehen egunean txostena irakurtzera joan, lehendabizi haurra ezagutu eta zalantzak familiarekin partekatzeko, alegia.

Baliabideak eskaintzen dizkiezue ikastetxeei?
Ikastetxeetan, Berritzegunea egitasmoaren bidez eman genuen gure formakuntzaren berri eta urtean zehar ere hitzorduak finkatzen ditugu. Hauetan gomendagarria da batzorde guztiek parte hartzea. Haurrak mailaz igotzen dira eta informazioa guztiok edukitzea ezinbestekoa da elkarlan on bat egin ahal izateko. Formakuntzaz gain, harrera familiarekin hitz egitera gonbidatzen ditugu, jakiteko irakasle bezala zein den haur edo nerabe horren egunerokotasuna, eta ea guk nola lagundu dezakegun.

Adibidez?
Etxeko lanak. Hauek denborarekin jakinda, harrera familia-antolatu daiteke. Eskolaz kanpoko ekintzez gain, beharbada adingabe honek guraso biologikoekin bisitak ditu edota psikologoarekin saioa hamabost egunetik behin. Eta, horren ondorioz, arratsaldeko denboraren antolaketa egunean zehar eduki duen jarreran isla daiteke. Ezagutu eta landu, elkarlana egin behar da harrera-familiarekin. Denok bide beretik joan beharra daukagu.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.