es
eu

Kanporatzeak, ministroaren oparia

Danel Agirre

Alemaniak nabarmen zorroztu du asilo bila ari diren errefuxiatuen inguruko jarrera, etorreren zenbatekoa amilduta ere. Angela Merkel lehen planotik desagertzera doa laster, eta horrek immigrazio politikan zein eragin izango duen ez dago asmatzerik.

Pasa den uztailaren 4ean, Horst Seehofer Alemaniako barne ministroak 69 urte bete zituen. Uztailaren 4ean bertan, 69 errefuxiatu afganiar aberriratu zituen hegazkina irten zen Munichetik, Seehoferren bizilekutik. Hain kointzidentzia bitxia -urtemugako tartaren kandela bezainbeste kanporatu- kasualitatez eman ote zen prentsaurreko batean galdetu, eta barne ministroak algara batean erantzun zien kazetariei, kritikak harrotu zituen keinu friboloan. “Oparia ez da eskatutakoa izan”, azaldu zuen Seehoferrek, “baina migrazioaren inguruko plan berria funtzionatzen ari denaren erakusgarri da”.

Aipatu egitasmoa ‘Masterplan migration’ delakoa da, demokristauek eta sozialistek osatu gobernu koalizioak adostutako 63 puntuko agiria. Azken bi urteetako joera areagotu baino ez du egin akordioak: asilo eskaera egindakoen egoera nabarmen zaildu da denbora gutxian. Barne Ministerioa, Seehoferren gidaritzapean, aspaldi ez dela inork begitantze ez zituen urratsekin ausartu da. Alemanian geratzeko baimenik ez duten errefuxiatuak Afganistan bezalako herrialde ezegonkorretara egoztea da deigarrienetakoa, neurri horrek -oposizioak eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu moduan- kanporatu horietako asko heriotza arriskuan ipintzen baditu ere. Siriarako aberriratzeei ere berehala ekitearen aldekoa da Seehofer, baina Merkelen babesik ez du oraingoz herrialde honen kasuan. Bere kabuz itzultzen diren iheslariei diru sariak eskaintzen ari da egun Alemania.

Urtea hastearekin, gobernu berria osatzeko negoziazioetan, Bavariako CSUk (land horretako alderdi demokristaua da, CDU Alemaniako beste eskualdetakoa baino kontserbadoreagoa) Barne Ministerioa exijitu zion Merkeli. Seehoferrek sail horren kontrola bere gain hartzea ahalbidetzearekin, bere aurkari sutsu izandako baten eskuetan utzi zituen kantzilerrak immigrazio politikak.

2015eko udaren amaieran, Grezia eta Balkanak igarota ehunka milaka errefuxiatu Bavariara iritsi zirenean, azken land horretako presidente zen Seehofer. Ailegatu berriak herrialde osoan banatu, eta krisi humanitarioari erantzuteko esfortzu bat eskatu zion Alemaniari Merkelek. Kantzilerrari desafio egin, eta Bavariako muga berehala ixteko exijitu zion ordea Seehoferrek. Eta Municheko tren geltokira egunero iheslariz beteta iristen ziren trenen segida eten ezean, CSU eta CDUren arteko adiskidantza historikoa (70 urtetik gorakoa) apurtzeko prest zegoela iragarri. Krisiaren gorrienean Alemania gobernatu ahal izateko, Merkelek Bavariako matxinoak baretu behar izan zituen. Ez zitzaion doan irten. Ordainetan, etorkinen inguruko bere jarrera irekiari uko egin behar izan dio, Seehofer barne ministro bihurtu baino lehenagotik ere bai.

Errefuxiatuen iritsiera baretzeko etsi-etsiko saiakera moduan, zazpi mila milioi euroko tratua itxi zuen Europar Batasunak Turkiarekin 2016 hasieran, Merkelek bultzatuta. Alemaniako diplomaziari hortzetako mina eragin zion Recep Tayyip Erdoganen menpe geratu beharrak. Bi herrialdeen arteko harremanak oso kaskarrak dira, eta Berlinek Turkiako presidentearengan eragiteko duen ahalmena hutsaren hurrena da orain. Siriako mugako errefuxiatu guneak itxi eta milioika lagun Europara bidean ipintzearekin egin izan du mehatxu Erdoganek, Alemania bere barne politikan nahasi den bakoitzean.

Turkiarekin adostu programa ordaintzeko bai, baina errefuxiatuak gainontzeko herrialdeetan hartzeko apenas jaso du laguntzarik Alemaniak Europar Batasunaren baitan. Azken hilabeteetan, kideetako batzuekin iheslariak Europan zapaldutako lehen herrialdera itzultzeko aldebiko akordioak sinatu ditu Merkelek (Espainiarekin, pasa den ekainean). Irismen mugatua dute ordea itun horiek, Balkanetako bidea erabiltzen dutelako Alemaniara datozen gehienek. Bavariako CSUk eta Alemaniarentzat Alternatibako (AfD) eskuin muturrak sarri aurpegiratzen dio Merkeli bere ezina Europar Batasuneko kideak errefuxiatuen aferan modu esanguratsuagoan nahasterako orduan.

Bruselak eta Turkiak sinatu akordioa inflexio puntu bat izan zen, eta Alemaniara iristen diren errefuxiatu kopuruak nabarmen egin du behera azken bi urteetan. 2016an, 745.545 asilo eskaera eman ziren (gehienak 2015ean ailegatutakoenak, tramiteak izugarri luzatu izan direlako). 2017an, 222.683ra jausi zen zenbatekoa. 2018a 150 mila eskaeratik beherago zifra batekin ixtea espero da. Enpresariek lan merkatua (4,9%-ko langabezia tasarekin) errefuxiatuen zain dagoela azpimarratu dute. Unesco-k, bestalde, Alemania iheslarien haurrak hezkuntza sisteman hobekien integratzen dituen herrialde moduan zoriondu du.

Angela Merkel CDUko buruzagitza uztekoa da egunotan, eta bere gobernu koalizio ahulak 2022 arte irauterik inor gutxik espero du. Alemanian zentristatzat jo ohi den figura lehen planotik desagertutakoan immigrazioaren gaia nola kudeatuko den asmatzea ez da erraza. CDUren kontrola eskuratu nahi duten buruzagietako batzuk (Friedrich Merz, Jens Spahn) kantzilerra baino askoz kontserbadoreagoak dira, asilo legea bera eraldatu eta gogortzearen aldekoak. AfDk, gainera, agenda politikoa markatzea lortu du azkenaldian, eta demokristauak eskuinera mugiarazi. Alemaniako fenomeno politiko berria, ordea, Alderdi Berdea da, tarte handiarekin etorkinekiko jarrera irekiena duen indarra. Inkesta batzuk botoen 20% inguru aurreikusten dituzte berdeentzat Merkelik gabeko lehenbiziko hauteskundeetan. Berandu baino lehen Alemaniako gobernuan bukatzen badute, immigrazio politiken azkenaldiko joera zuzendu dezakete.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.