es
eu

Nekane Zinkunegi: “Ulergaitza egiten zait zakurra duten herritarrek hura ateratzeko aukera izatea eta haur txikiak dituztenak etxean itxita egotea”

Saioa Baleztena

Espainiako Osasun Ministerioak emakume haurdunak arrisku taldean sartzen dituen arren, iturri desberdinek ziurtatzen dute koronabirusak ez duela ez plazenta zeharkatzen. Baina, nola eragiten du konfinamenduak haurdunaldian? Aldaketarik al dago erditzear dauden emakumeen jarraipenean? Koronabirusaren eztandak haurdunaldiaren azken txanpan harrapatu du Nekane Zinkunegi Barandiaran kazetaria. Erditzearen atarian egoera nola bizi duen azaltzeko ekarri dugu Gizadiberrira.  

Noiztik zaude kuarenetenan? Nola bizitu dituzu konfinazioaren egun hauek?

Martxoaren 14an ezarri zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera, eta bezperan izendatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak osasun larrialdi egoera EAErako. Printzipioz, Sanchezena hamabost eguneko iraupena izango zuen neurria zen, eta aste honetan erabaki dute beste bi astez luzatuko dutela. Beraz, haurdunaldiko 36. astea bete nuenetik nago berrogeialdian. Egia esan, 30. asteaz geroztik, haurdunaldiko baja hartuta nagoenez, eguneroko erritmoa jaitsita nengoen jada, eta alarma egoerak horrenbeste eragin ez didanaren sentipena dut. Horrez gain, Errezilen bizi naiz, baserri batean, beraz, badut etxe atarira lasai irteteko eta atarian ibiltzeko aukera, eta hori abantaila handia da.

Zein dira hartu dituzun neurriak?

Etxe inguruan egoteko dudan aukera baliatu dut gehienbat, gurasoen eta ahizparen ondoan bizi naiz eta bikotekideak lan egiten jarraitzen du –datozen egunetan aldatuko zaio egoera, enpresak aldi baterako enplegu erregulaziorako proposamena aurkeztu baitie–, beraz, enkarguak egingo dizkidan jendea badut inguruan. Esango nuke hori dela hartu dudan neurririk esanguratsuena, kalera behar-beharrezkoa den kasuetan soilik ateratzea. Etxean jarraitzen dut erditze aurreko ikastaroetan ikasitako ariketak eta abarrak egiten, eta ahal dudan neurrian elikadura zaintzen. Baja hartu nuenez geroztik, egin dudan aldaketa eguneroko paseoarena izan daiteke. Orain arte, egunean ordubete pasatxoko ibilaldia egitera joateko ohitura neukan Xarpa zakurrarekin. Autoa hartu eta Bidania-Goiatz ingurura joaten nintzen, nahiko ordeka den eremu batean, Hernioren magalera doan mendi bide batean, lauzpabost kilometroko joan etorria egiteko. Eta orain, etxe inguruan bueltaka ibiltzen naiz.

Aldaketarik egon da haurdunaldiaren bisitetan?

Alarma egoera ezarri berritan, zalantzak izan genituen. Osasun arretan izango zuen eraginaren berri ematerakoan, hasieran, ez zuten zehaztu haurdun gaudenokin zer egingo zuten, eta justu martxoaren 16ko goizean ginekologoaren kontsulta bat egokitzen zitzaigun. Osakidetzara deitu eta ez ziguten argitzen ea kontsulta mantentzen zen edo ez, eta badaezpada bertaratzea erabaki genuen. Ginekologoak eta erizainak ongi egin genuela esan ziguten, beraiek ere egoera berrira ohitzen ari zirela eta ez zutela astirik izan astelehen goizean zituzten kontsultetako paziente guztiei deitzeko. Haiek esan ziguten bezala, eguerdirako ofizialki zehaztu zuten haurdunaldiko jarraipenari bere horretan eutsiko ziola Osakidetzak, eta lasaitu gintuen horrek.

Testuinguru honetan, erditzea nola aurreikusten duzu?

Ba saiatu naiz aurreikuspen gutxi egiten. Osakidetzako erditze aurreko ikastaroa amaituta geunden alarma egoeraren ezarpena iritsi zenerako, beraz, ez genuen aukerarik izan gure erditzeetan egon daitezkeen aldaketez galdetzeko. Horrez gain, Emekiko erditze aurreko ikastaro gehigarria egin dugu bikotekideak eta biok, Tolosan. Alazne Apalantza fisioterapeutak gidatzen duen taldekako ikastaroa da, eta emagin eta psikologo banarekin osatzen ditu bere saioak. Azken txanparako, bideo dei bidez jaso ditugu saioak, eta eskertzekoa da Emekikoek zer nolako ahalegina egin duten edukia egokitu eta zerbitzuari eusteko. Herenegun izan genuen azken saioa, bertan, eta ikastaroan parte hartzen dugunon arteko watxap taldean jasotzen ditugu erditzeetan hartzen ari diren neurrien inguruko berriak. Zumarragako ospitalean erditzea tokatzen zaigu guri, eta badirudi haurdun gaudenokin ahalik eta gutxien arriskatu nahi dutela, koronabirusaz kutsatzeko arriskua saihesteko. Beraz, zuzenean erditze gelara eramango omen gaituzte, eta erditu ondoren ere bertan mantendu, gela arruntetara leku aldatu gabe. Eta haurra eta ama ongi dauden kasuan, erditzetik 24 ordura bidaliko gaituzte etxera eta ondoren joan beharko dugu, adibidez, orpoko froga egitera. Edonola ere, gauzak egokitzen ari dira EAEko osasun sisteman, Araban koronabirusak eragin duen egoera medio, Arrasateko ospitalea arabarren erditzeetarako ere baliatu asmo omen dutelako, eta Zumarragakoan bertako osasun eskualdeaz gaindiko erditzeak ere artatu beharko dituztelako. Beraz, ikusiko dugu horrek guztiak nolako eragina duen. Bikotekideak eta biok pentsatu dugu erditzea hastean, uzkurdurak sentitzean, etxean ahalik eta gehien jasatea izango dela egokiena eta dilatazioa ahalik eta aurreratuen egonda iristea ospitalera. Baina unea heldutakoan, ikusiko dugu, ahal duguna egingo dugu.

Zer izan da zailena egun hauetan?

Agintariek ezarri dituzten neurrien arteko desoreka barneratzea. Ulergaitza egiten zait zakurra duten herritarrek hura ateratzeko aukera izatea eta haur txikiak dituztenak etxean itxita egotea. Ez zait buruan sartzen salbuespen egoera baterako ezinbestekoak ez diren ekoizpen kateei eta lantegiei martxan eustea, horietako langileentzako banakako babes ekipamendua bermatuko dutela esatea, eta osasun arloko profesionalak beren burua zaintzeko nahikoa materialik gabe egotea. EAEko ordezkari politikoen hitzetan, jasanezina izango litzateke koma ekonomiko batetik suspertzea, baina uste dut are okerragoa izango dela, egungo egoerari eutsiz gero, eragingo dugun kutsatu eta heriotza kopuruari buelta ematea. Uste dut neurri zorrotzagoak atzeratzen soilik ari direla, eta estatu ikuspegiaz eta ausardiaz jokatzea tokatzen dela, etor daitekeenari aurrea hartzea. Pertsonalki, ez nuke jasango bikotekidea normaltasunez lanera joaten ari delako lantegian kutsatu eta erditzean nirekin ez egotea, adibidez.

Zer botatzen duzu faltan?

Gustatuko litzaidake nahieran kalera irteteko aukera izatea, haurdunaldiko azken txanpa honetan zer moduz nagoen galdetzeko idazten didaden guztiekin kafe bat lasai hartzeko aukera izatea. Gaur, adibidez, kuadrillako bi lagunen urtebetetzea da, eta ez dut haiek aurrez aurre zoriontzeko aukerarik izango. Baina pasatuko da hau guztia ere, eta berreskuratuko ditugu orain alde batera uzten ari garen plan, juntadizo, ospakizun eta otordu guztiak.

Bukatzeko, zer deritzozu hedabideek koronabirusaz egiten ari diren jarraipenaz?

Ba iritzi kontrajarriak ditut. Uste dut hedabide batzuk sekulako lana egiten ari direla pandemia horrek eta horren ondoriozko alarma egoerak eragin dutenaren ertz guztiak zorrotz aztertzeko eta sistemaren tranpak azaleratzeko. Pertsonalki, Berriak, Naizek edota Argiak egiten dutena jarraitzen dut gertutik, eta asko eskertzen da telelanaren garaiotan, kazetariek zer nolako ahalegina egiten duten ikustea. EiTB taldearekin kritikoagoa naiz, EAEko bertsio ofiziala mantentzen dihardute, bereziki, agintariei kotoizko elkarrizketak egiten, aste honetan, adibidez, oso desorekatua izaten ari da ordezkari jeltzaleei ahotsa emateko egin duten maniobra. Eta gero, sutan jartzen nau euskal lurraldetasuna nola desitxuratzen duten ikusteak. Koronabirusa dela eta, telebistako albistegietan, adibidez,  EAEko datuak ematen dituzte lehenik, espainiar estatukoak gero, Madrilgo berri ematen dute ondoren, EAEko bestelako albisteak jorratzera igarotzen dira... eta gero, albistegiaren erdia ongi igarota, Nafarroan pandemiak izan duen eraginaren berri ematen dute, nazioarteko albisteei heltzen diete, eta modu anekdotikoan ia, Ipar Euskal Herriko berrietara igarotzen dira. Erabat desitxuratzen du gure imajinarioa horrek, eta Espainiako Gobernutik inposatuta etorri diren neurrien menpean egotea nahikoa ez balitz, gure herrikideen egoeraz baino informazio gehiago dugu Madrilgo komunitatekoen inguruan. Baliabide gutxien dituztenek kalitatezko informazio kritikoa emateko ahalegina egiten duten bitartean, arduragabe samarra deritzot euskal hedabide publikoaren jarrerari.

 

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.