es
eu

Mamadou: “Ura leporaino izan ondoren, pozik nago onik heldu naizelako”

Jon Intxaurraga

Mamadou ez da benetako izena, baina hala deitzea eskatu digu. 40 urte inguru ditu eta pozik dago Europara onik heldu delako. Ginea Konakritik isil-gordeka joan zen arren, familiarekin hitz egiteko aukera izan du. Jakin izan balute zer asmo zeukan, ez zioten ateratzen utziko. Oso eskertuta dago Espainiako Gobernuari eta, batez ere, Bilbon hartu duen jendeari. Gaur egun, Arrigorriagan bizi da eta hemen jarraitu nahi du, “bestea ikusteke dago”.


Noiz heldu zinen Europara?

Irailean. Marokon barrena heldu nintzen. Bertan, oso egoera latza bizi izan genuen, ezin nintzen handik irten eta jendeak kolpatzen gintuen. Asteazken batean heldu nintzen bertara hegazkinez eta hurrengo egunean Nador hirira joan nintzen. Bertan ere egoera zaila daukate. Hegazkin bidaia erosi zidaten. Ezin nuen Gineatik Marokora bestela joan, bizitza arriskuan jarriko nuelako. Lagun asko geratu dira bide horretan.  

Zer bizimodu zeneukan Ginean?

Boli Kostan 10. kurtsora arte ikasi nuen institutuan. Handik Gineara joan nintzen. Bertan 15 urte egin ditut eta beste urte eta erdi Senegalen. Kotxe-gidaria nintzen. Ginea utzi nuenean lan egoera ezegonkorra zen. Astelehenetan, astearteetan eta asteazkenetan oposizioak grebara deitzen zuen eta ostegunetik larunbatena irakasleek, eta tartean guk, herritarrok, lan egin ezinik. Horrela bizi daiteke?  

Noiz erabaki zenuen Europara etortzea?

Irailean hanka egin nuen Gineatik. Casablancan egon nintzen, handik Rabatera eta, azkenean, Nadorrera. Polizia goizero etortzen zen. Jendeak ‘munbula’ oihukatzen zuen eta ziztu bizian irten behar genuen. Nik ez nekien ezer. Astearte batean heldu nintzen eta ostiralean 08:00etan agertu ziren lo geundela. Hura ikusi nuen azken aldian gerra zirudien, ez zeukan parekorik. Ez gintuzten tirokatzen, baina jazartzen gintuzten. Lagunak dauzkat hezurrak apurtu dituztenak.

Nadorretik Europarako bidea hartu zenuen.

Astebete egon nintzen Nadorren. Oinez eman genituen egunak eta bus batean itsaslabar batera eraman gintuzten. Bertan 300 edo 400 lagun zeuden. Gaua estalperik gabe pasa genuen.

Salto egin zenuten?

Ez. Irteerak programatzen zituzten, marokoekin harremanetan zeudelako. Kotxez eramaten gintuzten itsasoraino. Goizeko 04:00etan izango ziren irten ginenean eta eguerdian nazioarteko ureetara heldu ginen. Arazo bat izan genuen zodiacarekin: zulatu egin zen. 58 lagun ginen eta 18:00ak arte geldirik egon ginen. Burua baino ez genuen uretatik kanpo. Orduan olatu batek irauli gintuen.  Motorra ere urpean zegoen. Ez zegoen konponbiderik. Ez geneukan inor deitzeko estaldurarik, ez Morokora, ez Espainiara. Geroago, beste olatu batek zodiaca eraman zuen eta bost lagun galdu genituen.

Norbaitek ikusiko zintuzten.

20:00ak inguru ziren poliziaren hegazkina ikusi genuenean, itsasoa zaintzen ari zela. Txaleko eta txistuarekin deika ibili ginen ikusi gintuzten arte. Ez genuen igeri egiteko indarrik eta Gurutze Gorriari deitu zioten. Heldu zirenean flotagailuak eta soka bat bota zizkiguten. Orduan esperantza izan genuen. Poliziarenean utzi gintuen. Handik Motrilera (Granada) joan ginen. Hiru egun eman genituen bertan eta ilegal gisa sartu ginen Espainiara. Hori dela-eta, hango esparru batera eraman gintuzten. Bost egun egon nintzen bertan, hiru egun baino ezin da egon, eta ez neukan nora joan. Bidaia-txartelak eman zizkiguten. Galdetu zidaten nora joan nahi nuen eta, familia ez daukadanez Europan, Bilbora etortzea proposatu zidaten. Hura aukeratu nuen iparraldean dagoelako eta aukera gehiago daudelako.

Gauez Bilboratu ei zinen...

02:00etan heldu nintzen Gurutze Gorriaren aterpetxera. Hiru egun egon nintzen han eta joateko esan zidaten. Bi agiri eman zizkidaten, bat jateko eta bestea, gaixorik egonez gero, erabiltzeko. Lo egiteko ezer ez, ordea, hiru hilabetez geratzen banintzen non lo egin topatuko zidatela besterik ez. Onartu egin nuen. Abeturazalea naiz, denbora daramat kanpoan eta ohituta nago kalean lo egitera.

Gurutze Gorritik Karmelara joan zinen. Nola izan zenuen Harrera-Auzoen berri?

Gurutze Gorrian egon ostean, bertan egondako bi lagunek Karmelari buruz berba egin zidaten. Aterpetxeko gauak amaitu zitzaizkidan egunean, gazte batek bertara lagundu ninduen. Hara heldu, apuntatu eta praka berriak eman zizkidaten. Ederra izan zen! Neukan arropa nik erositakoa zen, baina bidean  asko galdu nuen. Sakrifizioa da eta gauza asko galtzen dira. Diru apur bat neukan, 40€, eta zapatak eta prakak erosi nituen.

Santutxutik Erriberara mugitu zineten, eta bertatik Arrigoriagara. Zelan esperientzia?

Dena ondo joan da. Ezagutzen ez zaituen jendeak jaten ematen dizu, lo egiteko toki bat eskaintzen dizu, janzten zaitu, galdetzen dizu ea ondo zauden, ea ondo egiten duzun lo... Zoragarria da. Eskertuta nago Karmela, Bizinahi eta Arrigorriagarekin. Gaur egun, bertan bizi naiz eta harrera ona egin ziguten. Igande batean heldu ginen eta jendea gure zain zegoen. Dena prest zeukaten eta bazkaldu eta kantatu egin genuen. Gutaz arduratzen dira eta ikastaroetara laguntzen gaituzte. Astean lautan joaten gara Basaurira gaztelania ikastera. Dena ondo doa.


Hiru zertzelada:

Lehena: Lana aurkitu aurretik, gaztelania ikasi hemen geratzeko

Mamadouk ez daki zehazki zein den bere egoera legala. Egun, paper barik dago eta ez daki erroldatuta dagoen. Era berean, pasaportea ateratzeak esfortzu ekonomiko handia eskatzen dio, Madrilera joan beharko lukeelako. Dena dela, Arrigorriagan badago pertsona bat laguntzen diena eta zer paper bidali behar dituen aholkatzen die. Etorkizuna ezin dela aurreikusi dio Mamadouk eta horren arabera geratuko dela hemen edo han. Momentuz, Estatu espainolean jarraitu nahiko luke. Berdin dio Bilbon edo beste leku batean izateak. Ondo bizi nahi du eta lan bila etorri zen Europara. Gaur egun, langabezian dago eta, aitortzen duenez, nekez egon liteke lanean ez lukeelako lankideekin elkar ulertzeko modurik. Hori konpontzeko, gaztelania klaseak hartzen ditu Basaurin, hitz egin eta ulertzea direlako bere lehentasunak.

Bigarrena: Ginea Konakriko gatazka

Mamadouk kontatzen digunez, Moussa Adiss Camara presidentea 2010ean bota zuten eta hauteskundeak antolatu ziren. Gaurkoak, Alpha Contek, tranpak egin zituen eta, Célou Dalenek irabazi arren, boterea eskuratu ei zuen. Bere bigarren agintaldian dago egun. Lehengoan, ez zuen hauteskunderik deitu eta 2015ean tranpak egin zituen berriz botereari eusteko. Bere berbetan, 2010etik 2015era grebak eta balazko masakreak besterik ez dira egon. Bigarren agintaldia antzekoa izan ei da. 2015Ean udal- eta estatu- hauteskundeak egin ziren, baina emaitzak argitaratu barik daude oraindik. Mamadouren iritziz, Konakriko egoera ezegonkorra da eta adibide bat ematen digu: elkarrizketaren bezperan ‘bera bezalako gazteak’ akabatu zituzten kalean.  

Hirugarrena: Harrera-Auzoak

Ekainetik urrira, Bilboko hainbat auzo harrera-auzoak bihurtu ziren, Afrikatik zetozen etorkinei ‘zerbitzu integrala’ emateko asmoz. Atxuri, Bilbo Zaharra, Santutxu eta Deustuko Erribera txandaka aritu ziren hiru hilabetez. Bertan, lo egiteko tokiaz gain, afariak, gosariak, arropa edo osasun-orientazioa eskaintzen zizkieten. Sarearen mugak ikusita, desentralizazioaren aldeko hautua egin zuten urrian eta, gaur egun, errefuxiatu-estatusa eskatu dutenak Oñatin CEARek duen aterpetxean daude. Beste batzuk Arrigorriaga, Galdames, Gernika edo Bakio bezalako ‘harrera-herrietan’ bizi dira eta falta direnak edo kalean daude edo beste leku batera joan dira.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.