es
eu

Drogen aurkako egunerako erronka

Gorka Ascorbebeitia

Gizakia fundazioak 30 urte daramatza Bizkaian droga menpekotasuna duten pertsonekin lanean. Azkenaldian alkohol kontsumoa izaten ari den hazkundearekin oso kezkatuta daude. Lau urte alkoholaren menpe eman dituen lagun baten testigantza jaso dugu.

 Drogen aurkako egunerako erronka

Drogetatik irten nahi dutenentzat behea jotzen duten momentua da, askotan, punturik erabakigarriena. Mikelek (ez da bere benetako izena) ez du oso argi bere behe puntua zein izan zen, baina badaki noiz hartu zuen laguntza eskatzeko erabakia: “Gidabaimena bigarren aldiz galdu eta nire emazteak utzi ninduenean egoera kontrolatzen ez nuela konturatu nintzen”. Lau urte pasa dira ordutik, eta Mikel droga-uzte programetan hainbat aldiz sartu den arren, behin eta berriro jausi da alkoholaren putzura.

Azken sei hilabeteak, ordea, garbi pasa ditu Gizakia Fundazioko teknikarien laguntzaz. Ahalegin hau azkenengoa izango delakoan dago: “Ez dut gerora begira planik egiten; desintoxikazio programa arrakastaz burutzea eguneroko kontua da. Egunero esaten diot nire buruari: ‘Gaur ere edan gabe egon behar dut’”. Azken sei hilabeteak horrela pasa ondoren, Mikel Gizakia fundazioaren birgizarteratze programaren azken fasera heldu da; lanpostu baten bila ere badabil dagoeneko.

Momentu honetara heldu arte, bizitza erdi utzi du bidean. 43 urte dituelarik, bere familia guztiz zatituta dago, ezin du hamalau urteko alaba ikusi eta alde batera utzi behar izan du sukaldaritzan zuen ibilbide arrakastatsua. Baina gauza horien guztien gainetik bere borroka pertsonala dago: “Programaren bitartez konturatu naiz nire bizitzako erabaki garrantzitsu guztiak mozkortuta hartu ditudala. Orain berriro ari naiz erabakiak nola hartu ikasten, eta oso zaila egiten zait”.
Mikelen kasua ez da salbuespena. Gizakia fundazioaren programetan dauden pertsonen artean lautik batek alkoholarekin du arazorik larriena. Era berean, azken urteetan alkohola izan da kontsumoan hazkunderik handiena izan duen droga. Rafa Cortés-ek, fundazioaren asistentzia arduradunak, joera orokorra dela uste du: “Gure zerbitzuetan, Bizkaian, kokaina kontsumoa pixka bat gainetik dago oraindik, baina beste lurralde batzuetan, zein Osakidetzak egiten dituen harreretan, alkohola da nagusi”.

Aurrekariak
Gizakia fundazioa orain dela 30 urte hasi zen lanean Bizkaian, Espainiar estatuko Proyecto Hombre ekimenari jarraiki. Momentu hartan, 80ko hamarkadako bigarren erdian, heroina zen arazorik larriena. “Bizkaiko kostako herri batzuetan, Bermeon adibidez, New Yorkek zituen heroina heriotza tasak zituzten”, gogoratzen du Cortések. Barnealdean egoera ez zen askoz hobea. Eskorbuto punk talde santurtziarra da Bilbo ezkerraldean gertatzen ari zenaren irudi argigarria. Hamarkadaren lehenengo urteetan eskaini zituzten aurreneko kontzertuak, eta hamar urte geroago hirukoteko bi kide hilda zeuden heroinaren ondorioz.

Cortés duela 28 urte hasi zen fundazioan lanean, eta 80ko hamarkadako urte beltzak ezagutu zituen, Eskorbutoko kideen eta beste hainbat pertsonen heriotzak barne. Fundazioaren bilakaeraren parte izan da: arazo larri bati erantzuna emateko sortutako erakunde izatetik, birgizarteratze lanetan diharduen erakunde izatera pasa da. Gaur egun, desintoxikazio programetatik aparte, Gizakia fundazioak bestelako ekimenak ere antolatzen ditu. 2013an erakundeak artatu zituen drogazaleak 700 inguru izan ziren, eta programa guztien artean 4.000 pertsona baino gehiagori eman zieten zerbitzua. Familiekin ere lan egiten dute, eta erabiltzaileei lana lortzeko laguntza eskaintzen diete. Gazteekin ere badabiltza, batez ere, prebentzioa lantzen.

Cortések uste du “oso kezkagarria” dela azkenengo urteetan alkoholak hartu duen protagonismoa. “Euskal Autonomia Erkidegoan alkoholak izaera sozial handia du, eta askotan ez dira bere arriskuak ondo ikusten”, dio Gizakia fundazioko asistentzia arduradunak. “Baina alkohola da hildako eta ezindu gehien sortzen dituen droga”, gehitu du.

Datu kezkagarriak
2012ko Euskadi eta drogak txostenean agertzen diren datuek alkoholarekin dugun arazoa kontutan hartzekoa dela adierazten dute. EAEko biztanleen %12,2k, 200.000 pertsona baino gehiagok, egunero edaten du alkohola. Adibidez, espainiar estatuan, %10,2 dira. EAEn bada beste datu kezkagarririk: biztanleen %2,4k gehiegi edaten du egunero, eta %8,1ek asteburuetan. Azken datu hori gazteen eta alkoholaren arteko harremanaren adierazgarri izan daiteke. 2012an, alkohola edaten hasi ziren gazteek batez beste 16,4 urte zituzten, txostena egiten denetik (1998) adinik baxuena. Cortésen ustez, datu horren atzean alkoholaren erabilera soziala dago: “Droga guztiekin, eta alkoholarekin batez ere, lehen pausoak arrazoi ludikoengatik ematen dira”.

Mikel modu horretan hasi zen alkohola kontsumitzen, herriko jaietan, hamasei urterekin. “Neskekin hitz egitea asko gustatzen zitzaidan, baina alkoholaren laguntzarik gabe oso zaila egiten zitzaidan pausoa ematea”, gogoratu du. Gero, sukaldaritzan lanean hasi zenean, edaria eguneroko kontua bihurtu zen. “29 edo 30 urte nituelarik, banekien arazo bat neukala, baina dena kontrolpean nuela uste nuen. Edozein momentutan alkohola uzteko gai izango nintzela pentsatzen nuen…”, gaineratu du zirrara handiz.

Prozesua oso zaila izan da, eta lau urte pasa ditu urritasun aldiak eta berrerortzeak tartekatuz. Azkenengo hilabeteetan Gizakia fundazioko teknikarien laguntzaz bere burua ezagutzera heldu dela uste du Mikelek: “Orain badakit edaten nuen bakoitzean nire burua pixkanaka-pixkanaka hiltzen nuela, eta hori oso gogorra da”. Zorionez, lau urte iraun dituen tunel horretan argia ikusten duela dirudi. Solasaldia burutu genuen astean Mikelek lan elkarrizketa bat zuen eta alaba berriz ikusteko irrikan zegoen: “Alkoholaren menpe egon naizen bitartean ez dut alaba ikusi nahi izan, berarentzat ez delako irudi ona. Hala ere, berriro berarekin egongo naizela pentsatzeak eman dit lau urte hauetan aurrera jarraitzeko indarra”.

Gorka Ascorbebeitia @Gascorbe
--Gaztezulo aldizkarian, 2015eko apirilan publikatua

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.