es
eu

Egokitasunez emantzipatzeko gai

Ion Muñoa

Ezgaitasun fisikoren bat duten gazteentzat zaila da emantzipaziorako pausoa ematea. Badira, ordea, autonomia eta independentzia garatzeko bidea ematen dieten gizarte proiektu berritzaileak; horietako bat da Etxegoki.

gizadiberri_etx_1403857359

Txirrina jo, eta Amaiak bere etxeko atea ireki digu. Apartamentu polita da Amaiarena; logela txukuna, egongela zabala, sukalde txiki bat eta bainugela ditu. Ander Amaiaren goiko bizilaguna da, eta haren apartamentuak ere antzeko tamaina dauka, nahiz eta ezberdin dekoratuta daukan. Amaia Olabarriak eta Ander Urbiolak Bilboko Txurdinaga auzoan dagoen Etxegokin dituzte beren etxeak eta bizitokiak. Eraikin horretan euren ezgaitasun fisikoetara egokitutako apartamentuak daudenez, Amaiak eta Anderrek hogeita gehiago urterekin emantzipatzeko aukera izan dute.

Amaiak hasieratik argi utzi nahi du ez dela egoitza batean bizi: “Nahiz eta kanpotik jendeak hori uste izan, Etxegokiko bizilagun bakoitzak bere apartamentua du, eta bizimodu independentea darama”. Anderrek ere asko baloratzen du hori, izan ere, “arau orokor batzuen barruan, bakoitzak nahi duen bizimodua egiten du, eta beste bizilagunekin nahi duen neurrian bakarrik erlazionatzen da”.

Etxegoki: Gizarte eta teknologia berrikuntza autonomia sustatzeko
Ezgaitasun fisikoa duten pertsonen bizimodu autonomoa bultzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako apartamentu zerbitzua da Etxegoki. 2011n ireki zituen ateak, eta 34 etxebizitza daude bertan. Guztiak behar fisiko bereziak dituzten pertsonentzat punta-puntako teknologiekin hornituta daude, eta modu horretan, bizilagun bakoitzak bere egunerokoan ahalik eta autonomiarik handiena eduki dezan sustatzen dute. Jangela, garbiketa zerbitzua, liburutegia eta antzeko zerbitzu orokor batzuk dituzte, guztiak egokituta; baina Etxegoki barruan, bizilagun bakoitzak bere independentzia du.

Fekoor-ek, Ezgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Elkarte Koordinadoreak, kudeatzen du zentroa, eta Luis Melús zuzendariaren esanetan, “Etxegoki berritzailea da ez laguntza pertsonalizatua eskaintzen duelako bakarrik, baizik eta teknologia aurreratuena erabiltzen duelako etxebizitza ez dadin oztopoa izan eskubide eta betebeharren eguneroko erabileran”. Egokitutako sukaldeak, oheak, bainugelak edota ateak, etxebizitzako elementu guztiak, mugikortasun mugak edo ezgaitasun fisikoak dituzten pertsonentzat egokituta daude. Amaiak, Anderrek eta gainerako bizilagunek soinean urrutiko agindu bat daramate, eta haren bitartez gai dira ateak ireki edo gortinak jaisteko. Beren gurpildun aulkietan mugitzeko erraztasuna dute zentroan zein apartamentuan. Baina kexarik ere badute: “Etxegokitik irtendakoan dena koskak eta oztopoak dira. Pixkanaka-pixkanaka ari dira irisgarritasuna hobetzen, baina oraindik kaleak oztopoz beteta daude”.

Amaiak aitortzen duenez, familiaren Barakaldoko etxean bizi zenean ere bazuen “independizatzeko ametsa, baina ezinezkoa” zitzaion pisu batera joatea, eta Etxegokik aukera eman dio “emantzipatzeko ez ezik, bizi propioa garatzeko ere”. Ander ere kontentu dago bere apartamentuan, “familiarekin babestuago egon arren, pertsona bezala garatu eta astasun gehiago izateko” balio izan diolako Etxegokiko bere etxera bizitzera joateak.

Horiek dira Etxegokiren bertute eta helburu nagusiak Melús-ek ere azpimarratu duenez: “Batetik, bertan bizi diren pertsonei bizitoki alternatiba bat eskaintzea eguneroko zaintzan, etxe barruko bizitzan eta mugikortasunean dituzten beharrei erantzuteko laguntza tekniko eta humanoaren bitartez. Eta bestetik, eta batez ere, bizitza estilo independenteak sustatzea, ezgaitasun fisikoak dituzten pertsonek geroz eta autonomia handiagoa izan dezaten eta haien bizitza kalitatea hobetu dadin”. Zoritxarrez, Etxegoki oraindik salbuespena da gure artean, eta ezgaitasun fisikoa duten pertsona gehienek emantzipatzeko gazte orok dituen ohiko zailtasunez gain, beste hamaika oztopo ere badituzte beren bizi-proiektua autonomiaz eraikitzeko.

Amaiak bere etxeko ateraino lagundu, nahi dugunean berriz bisita egiteko gonbita egin eta agur esan digu. Anderrek arropa garbitzera zeramala aprobetxatuz, igogailuan Etxegokiko irteerara gidatu gaitu. Atea automatikoki ireki da; Anderrek azken agurrarekin batera irribarre egin digu, eta konturatu gara irteerako atea baino askoz gehiago ireki dela Etxegokin.

Amaia Olabarria: “Nire bizitza erabat aldatu da”

Noiz eman zenuen emantzipatzeko saltoa?
Duela hiru urte, 25 urterekin. Ordura arte Barakaldon gurasoen etxean bizi nintzen. Beti amestu nuen egunen baten independizatzearekin, baina nire egoeran zaila zen. Eta orduan enteratu nintzen Etxegokiko proiektua martxan jartzekotan zirela, eta hitzaldi batera joan nintzen enteratzera. Hasieran ez nuen pentsatu hemen amaituko nuenik, baina gero konbentzitzen joan nintzen, apustua egin nuen eta oso gustura nago orain.

gizadiberri_ama_1403857798Zer egiten duzu zure bizitzan?
Orain hizkuntzak ikasten eta lan bila nabil. Lanbide heziketako ziklo bat egin nuen, administraziokoa, eta horretan lan egin nahiko nuke, baina oraintxe bertan ez da erraza zerbait aurkitzea. Bitartean, Hizkuntza Eskolan ingelesa ikasten dut.

Zein da zure bizitzako ametsa?
Bizitza normala eramatea, lan egitea, nire etxean bizitzea. Zentzu horretan, orain nire etxean bizi naizela sentitzen dut; Etxegokik hori eman dit. Orain falta zaidana lana da.

Etorkizunera begira Etxegokiko zure apartamentuan jarraitu nahiko zenuke?
Zergatik ez? Beharrei hemen bezala erantzuteko baliabideak edukiko banitu kanpoko pisu batean, ez nuke baztertuko aukera hori. Baina momentuz oso ondo nago hemen nire bizitza egiten baitut.

Zer izan da Etxegoki zuretzat?
Erabateko bizitza aldaketa. Familiarekin bizi nintzenean, nolabait haien mende nengoen, eta haiek ere bai nire mende. Orain laguntza behar dut, baina ia guztian autonomoa naiz, eta nahi dudana egiten dut nire mugen barruan. Nire bizitza erabat aldatu da.

Ander Urbiola: “Etorkizunari ilusioz begiratzeko arrazoiak ditut”

Noiz eman zenuen emantzipatzeko saltoa?
Ekainean egin ditut hiru urte. 27 urte nituen orduan, eta Etxegoki ireki berria zen. Hemen zegoen aukeraz enteratu nintzen, eta eskaera egin nuen. Sartzeko baldintzak betetzen nituen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak hemengo apartamentu bat esleitu zidan. Ordutik hemen bizi naiz; hemen dut nire etxea.

gizadiberri_1403857944Zer egiten duzu zure bizitzan?
Antzerkia asko gustatzen zait eta talde baten nabil. Horrez gain, igeriketa egiten dut, eta ingelesa ikasten nabil Hizkuntza Eskolan.

Zein da zure bizitzako ametsa?
Gustatuko litzaidake nire bizi proiektua eraikitzen jarraitzea. Autonomia irabazten joatea, lan bat edukitzea eta familia bat osatzea. Zentzu horretan, azken hiru urteotan asko irabazi dudala uste dut, eta etorkizunari ilusioz begiratzeko arrazoiak ditut.

Etorkizunera begira Etxegokiko zure apartamentuan jarraitu nahiko zenuke?
Bai eta ez. Orain oso ondo nago hemen, baina ez dut baztertzen egunen baten kanpoko pisu batera joatea. Hau familiaren etxetik irtetzeko lehen pauso bat izan da, norbere independentziarako lehen pauso bat. Hemen nire etxean nago, baina aldi berean beste bizilagun batzuk ere badauden eta laguntza zerbitzu bat dugun neurrian, betebehar batzuk ere baditugu. Bizitza komunitarioa nahi dugun neurrian egiten dugu eta askatasun osoa dugu, baina hala ere, erabateko emantzipaziorako erdibideko pauso modukoa dela uste dut.

Zer izan da Etxegoki zuretzat?
Bizitza aldatu zaidala gauza nabarmena da. Zentzu eta arlo guztietan. Baina batez ere autonomia pertsonalean izandako garapena azpimarratu nahi dut. Hemen nik ahal dudan guztia nik egiten dut, eta egin behar dut, eta ezin dudan gauzetan bakarrik laguntzen didate. Horrek asko lagundu dit nire garapen pertsonalean eta etorkizuneko bizitza proiektuaren ametsean.

Ion Muñoa
--
[Gaztezulo aldizkarian publikatua, 2014ko uztailaren 7an]

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.