es
eu

"Ez da gauza bera desgaitasunarekin jaiotzea, edota bat-batean desgaitasuna duzula ohartzea"

Ainara Arregi

24 urte zituela auto-istripu larria izan zuen Ainhoa Elorriagak eta ondorioz, hartutako kalte zerebrala dauka. Egoera horrek bultzaturik, "Ganas de vivir" liburua idatzi zuen 2022an, urte guzti hauetan bizimodua nola aldatu zaion jasotzen duena.

Beti bezain abegikor hartu gaitu Ainhoa Elorriagak (Busturia, 1980) bere etxean; duela 19 urte, auto-istripua izan aurretik egin ohi zuen modu beretsuan. Elkarrizketa aitzakia hartuta, Busturiko taberna batera abiatu gara, eta, kafetxo baten bueltan, atzokoaz eta gaurkoaz aritu gara hizketan. Tabernara hurbildu ahala nabaritu dugu herriko jendeak Ainhoarenganako duen maitasuna; bidean aurkitu dugun pertsona orok galdegin dio zelan dagoen, zelan bizi den, eta, Ainhoak irribarretsu denei "ederto" erantzun. Aitzitik, elkarrizketan zehar, Ainhoak behin eta berriz aitortu digu, egunero-egunero, koma egoeratik irten zenetik, min izugarriak dituela gorputzean, baina beste behin ere, bere indarra eta kemena erakutsiz, "normala da, hori neuronak euren konexioak, euren lana egiten ari direla ko da, eta, pozik nago, apurka-apurka aurrera-pausoak ematen ari naizela ikusten dudalako" gaineratu du Ainhoak. 

2004ko urriaren 15a, egun euritsua zen. Goizean, Donostian lan-elkarrizketa bat egin zuen, eta arratsaldean, azken hilabeteetan egin ohi zuen bezala, Bilbon lan-praktikak. Etxerako bidean zihoala, Autzagane gainean autoak laprast egin, kotxearen kontrola galdu, eta istripu larri izan zuen. Hainbat hilabete eman zituen ospitalean; lehenik, Gurutzetako Ospitalean, eta, Arrasateko Aita Meni ospitalean ondoren. Medikuek Ainhoa onik irteteko ez zioten inolako itxaropenik ematen familiari, baina egoera zailenetan ere, emakume indartsua eta baikorra dela erakutsi, eta, familiaren laguntza sendoari esker, makalaldi itzel hura gainditu zuen. "Ospitaleko ohean nintzela, denboraldi luzez ilerik gabe egon naiz, eta, ezkerreko eskuarekin buruko azal leunari laztanak egiten nizkion, benga-benga, zuk ahal duzunez" adierazi digu Ainhoak.

Zerbait gertatzen zitzaiola jabetu zenean, eta, begietako ebakuntza egin ondoren, kostata baina irakurtzen hasi zen, eta literaturan, faltan bota zuen bera bezala hartutako gaitz zerebrala zeukan norbaiten testigantza irakurri ahal izatea. Horregatik, berari gertatzen zitzaiona beste batzuekin konpartitzeko beharrak bultzaturik "Ganas de Vivir" liburua argitaratu zuen 2022ko udazkenean, gaztelaniaz lehenik, eta, euskaraz ondoren. "Jose Manuel Montilla, Langui ezizenez ezaguna, Torrenterekin filmean parte hartu zuenaren eredua dago, baina ez da berdina desgaitasunarekin jaiotzea, edota, bat-batean bizimodua aldatu, eta, desgaitasuna duzuela ohartzea" azaldu digu Ainhoak. 

2006an hasi eta gaur arte, Ainhoak egunerokoa idazten du; bertan jasotzen ditu egunean-egunean eman dituen aurrerapausoak: hitz egiten berriro noiz hasi zen, lehengo pausoak berriro noiz eman zituen, halako egunean nola sentitu zen, etab. Berarentzat ezinbestekoa da egunerokoa idaztea, horrek urte guzti hauetan, zer-nolako aurrerapausoak eman dituen erakusten diolako. "Liburua ikuskera baikorrarekin idatzita dago, eta nire amak irakurri zuenean, han azaltzen zena ez zela nire kasua esan zidan" esan du Ainhoak. "Oso gogorra izan da bizi izandakoa. Nik beti entzuten nuen gehienez ere, egoera begetatiboan geratuko nintzela, eta, orain oso pozik nago lortzen ari naizen aurrerapausoekin, orain, bizimodua gehiago baloratzen dut" aitortu digu Busturiko gazteak.

"Ni beti izan naiz neska oso aktiboa, beti gustatu izan zait gauza berriak probatu eta egitea, eta, istripuaren ondorengo egoerak bultzaturik, neure burua zerbait egiten ikusteko beharra sentitzen nuen; horregatik, liburua idaztea erabaki nuen. Batetik, beharrizana nuelako neure burua lanean ikusteko, eta, bestetik, nire kontakizunak beste batzuei ere lagundu diezaiekeelako”, azpimarra du Elorriagak. Beraz, helburua betetzat ematen du Ainhoak, izan ere, bada liburua irakurri ondoren, berarengana eskerrak emanez joan denik ere. "Niri berez etorri zitzaidan bizimodu aldaketa, nahi gabean, baina badira zenbait gazte hurbildu eta eskerrak eman dizkidatenak, begiak zabalarazi dizkiedalako. Asteburuetan alkohola edan ostean, kotxea hartzen izan dutelako" gaineratu digu. 

Liburuaren harira, zenbait ikastetxetan ere hitzaldiak eman ditu Ainhoak, "ze polita den gazteak, neska zein mutilak, zure kontakizunaz emozionatu egiten direla ikustea", azaldu du Ainhoak, eta ildo horretan, gaineratu du hainbat gaztek, mutilak asko, bigarren liburu bat idazteko proposamena ere luzatu diotela, izan ere, "lehen lanean, bizimodua aldatu zaizula jasotzen duzu, baina bigarrenean, bizimodu berri bat hasi nahi duzula kontatu beharko zeniguke”, gaineratu du busturiarrak. "Desgaitasuna dugun pertsonok bizimodu berri bati ekin nahi diogunean hainbat oztopo ditugu, adibidez, jendearen gutxiespena, irisgarritasun eza toki askotan, etabar” azaldu du. 

Gaur-gaurkoz Ainhoa Elorriaga gurasoekin bizi da, baina etorkizunera begira, bakarrik bizitzea gustatuko litzaioke, bere mugak noraino heltzen diren ikusteko. "Hala eta guztiz ere, etorkizunera asko begiratu barik, nahiago dut momentu bakoitza baloratu eta gozatu, bizitzak erakutsi baitit edozein momentu alda daitekeela".

 

 

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.