es
eu

Covid 19a, Ipar Euskal Herrian ere gogor

Franck Dolosor

Covid-19k gogor astindu ditu Ipar Euskal Herriko biztanleak ere, hamarnaka gaixo eta hildako eraginez, eta Bigarren Mundu Gerratik ikusi ez zen krisi ekonomikoa piztuz. Frantziako gobernuak indarrean ezarri dituen bi itxialdiengatik Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko langileen ia erdiak behin behineko langabezian egon behar izan du, eta, beste askok, diru sarreren murrizketak jasan dituzte, ezin izan baitituzte ohiko jarduerak egin, udan adibidez.

 Hazparnen, Lauak aeronautika enpresak langileen herena —132 lagun— kanporatu du negozio zifra asko apaldu zaiolako eta Miarritzeko aireportuak ateak ez ditu zabaltzen maiz, zenbait egunetan hegaldi bakarra ere ez dagoelako. Bertako 70 langileak langabezian daude, aldizka, eta zuzendaritzak ez du baztertzen zenbait kolaboratzaile kanporatu behar izatea. Urtean, milioi bat eta berrehun mila bidaiari hartu ohi zituen aireportuaren jarduera laurde na baino gutxiagora apaldu denez, inguruetan dauden zenbait saltokik ateak itxi dituzte.

Ipar Euskal Herriko elkarte humanitario guztiek argi dute datozen hilabeteetan lan zama handituko zaiela. Urtero, gero eta jende gehiago lagundu behar dute, eta azken urteetan, gazteen eta barnealdean bizi diren behartsuen kopurua asko emendatu da Donibane Garazin, Maulen edo Donapaleun ere. Lapurdiko kostaldeko hiri eta herri ertainetan bezala behartsuen kopurua gero eta handiagoa da barnealdeko baserri guneetan ere.

Baionan, "La Table du Soir-Arratseko mahaia" elkarteak ehun bat apairu banatzen ditu gauero azarotik martxoa arte. Beren egoitzan mota guztietako miseria ikusi ohi da eta pandemiarengatik egoera okertzen ari dela diote bertako kideek. "Badira 25 urte lanean ari garela, neguan zehar gero eta behartsu gehiago dator baina aurten lehen egunetik ohi baino jende gehiago agertu zaigu" dio Bernadette Eiheraxaharrek. Laguntza jasotzen dutenen artean dago Andde: "900 euroren erretiro saria baizik ez daukat, horrekin zaila da bizitzea. Eskerrak apairu beroak banatzen dizkiguten". Arratsaldero, hamabost laguntzailek afariak prestatzen eta banatzen dituzte. Batzuk Lauga Baionako kiroldegi nagusira eramaten dituzte ere, bertan etxerik gabekoen harrera gunea ire ki baitute udalak eta hirigune elkargoak, Frantziako gobernuaren partaidetzarekin.

Bertan, etxerik gabeko 45 lagun aterpetzen dituzte, horien artean Denis 32 urteko sukaldaria. "Lanik ez daukat garai hauetan, senide eta lagunik ere ez. Lehen aldiz karrikan nago eta noski begi onez ikusten dudala horrelako laguntza izatea". Laugan, egunero hiru apairu banatzen zaizkie, dutxa bat har dezakete, ileak moztu eta baita PCR probak egiten dizkiete ere. Etxerik gabe direnek 115 plataformara dei tu behar dute telefonoz, elkarrizketa egiten zaie eta barne araudiak onartzen badituzte, hitzarmena egiten zaie bertan egon ahal izateko. Egunero, lan egiten duenik badago ere aterpetzen dituztenen artean. "Batzuk langileak dira baina etxerik ez dute, eta egunero harrera gunetik lantokira lan egitera joaten dira" zehaztu du David Tollis Baionako udal zuzendariak.

Elikagai bankuko kideen hitzetan, krisi garaian egon arren, elkartasuna handitu da, duela gutxi 142 tona janari bildu dutelako, ohi baino 42 gehiago. Emaitza hauek ongi etorriak izanen zaizkie lagundu behar dituztenen kopurua ere % 12 emendatu da eta.

Desberdintasunen behatokiaren arabera, Frantziako estatuan bost milioi herritar pasa hilean 885 euro baino gutxiagorekin bizi dira eta horien erdiak 30 urte baino gutxiago dauzka. Egoerak okerrera egin lezake, 35 000 kanporatze egin direlako jadanik eta baliteke 2021ean gehiago gertatzea, Parisek enpresei ematen dizkien laguntzak bukatuko direlarik.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.