es
eu

Txaro Arteaga: “Pertsona bakoitzak bere buruaren ardura izan beharko luke ahal duen bitartean eta ezin duenean, denon artean zaindu beharko genuke"

Saioa Baleztena

Zahartzaroaz solasteko ekarri dugu Txaro Arteaga (Donostia, 1944ko maiatzaren 10a) kazetari eta EAEko Emakunde erakundearen zuzendaria GIZADIBERRIko orrietara. Hogeitabortz urtez Herri irratian lan egin ondoren, 1981an hartu zuen Emakunderen zuzendaritzaren lekukoa, gaur arte.

Emakunde sortu zenean kazetari lana zertxobait baztertu eta erakundearen zuzendaritza hartu zenuen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Erronka izugarria izan zen niretzat. Ordurarte, administrazioa eta politika instituzionala, kazetariaren begiradatik ezagutzen nituen bakarrik. Baina, feminista nintzen eta nire herriarekin konprometituta nengoen. Beti emakumeen eta gure herriaren askatasunaren alde lan egiten irratia baliabidetzat hartuz. Eta bat-batean, espero gabe, aukera eman zidaten  Euskal Parlamentuaren aginduz Euskal  Gobernuak sortu zuen erakunde honekin lan egitek.

Zalantzarik izan zenituen?
Noski. Baina, lehen aldiz feminismoaren helburuak eta emakumeen eskakizunak agenda politikoetan sartzeko ahaleginak egiten hasi ziren. 85ean Nairobin egin zen Nazioarteko emakumeen konferentziaren emaitzak kontutan hartuz munduan zehar antzeko erakundeak sortzen hasiak ziren, baina erreferente gutxi zegoen. Konbikzioa, ilusioa eta lan egiteko gogoz beterik nuen nire motxila.

Zer gertatu zen gero?
Lehenengo, taldea sortu genuen eta horrretarako ezinbesteko laguntza izan nuen nire lehenengo lankide Itziar Fernandez Mendizabal, Emakundeko Idazkari Nagusia izan zena. Gero beste guztiak etorri ziren. Oso talde txikia genuen baina bikaina. Beti izango eskertuko diet elkarrekin egin genuen lana.

2017an gaude, zertan aldatu da euskal gizartea orduz geroztik?
Tresna gehiago ditugu orain emakumeen askatasunaren bidean. Garrantzizkoena, Berdintasunaren Legea dugu. Eta, nahiz eta konpetentzia guztiak gure esku ez egon, administrazio guztiak, Eusko Jaurlaritza, Diputazioak eta Udaletxeak, maila guzitan, legearen aginduz berdintasunaren alde lan egiteko zerbitzuak sortu behar dituzte. Erakunde desberdinak egituratuta daude elkarren artean, bakoitza bere konpetentziaren arabera, legearen aginduak betetzeko.

Baikorra zara, beraz?
Teoria zabaldu da, eta gizarteak behar duen aldaketa lortzeko prestatuta gaude, behintzat, bai teorikoki zein praktikoki. Esperientzia asko lortu dugu eta egoera ezagutzeko tresna asko jarri ditugu martxan. Politikak urtero errepasatzen ditugu eta  legebiltzarrak horren berri izaten du. Gauza da, zenbat jendek gehitu nahi duen gure lanera, eta nola jokatuko duen. Tira, administrazioak bere ardura du, baina, biztanleriaren esku dago azken emaitza.

Zein irakurketa egiten duzu Emakundek ibilbide honetan egindako lanaz?
Hasieratik erreferentziazko ekimena izan zen, Espainiar Estatuan. Europan ere errekonozimendu eta sari desberdinak jaso ditugu. Azkenekoa 2015ean Nazio Batuen Erakundeak eman zion, munduko erakundeen artean zabaltzen dituen sarien artean, lehenengoa Emakunderentzat izan zen.  Hori ez da erraza. Beraz, ez da nik esaten dudala, baizik eta, gai honetaz arduratuta daudenen onarpena lortu du urtetan zehar.


Hezkuntza giltza bikaina da. Zein irakurketa egiten duzu berdintasunaren aldera eskoletan egin den lanaz?
Ez da nahikoa. Legez erakutsi beharko litzateke berdintasunari dagokion guztia eskola guztietan. Esperientzia pilotu asko eta desberdinak zabaldu dira Emakundetik baina ez da nahikoa. Gainera irakasleak ere, prestakuntza berezia beharko lukete…

Lan munduan emakumeak enpresa anitzentzat karga bat izaten jarraitzen dugu. Nola aldatu dezakete erakunde publikoek egoera? Nahikoa egiten dela uste duzu?
Ez. Emakunden aspaldidanik dago programa berezi bat, eta oso interesgarria, enpresari zuzenduta. Aholkulariak ere prestatu dira enpresei laguntzeko. Informazio gehiago behar duenak deitu dezala Emakundera. Diputazioak ere horretan ari dira lanean, baina ez da nahikoa, nahiz eta garbi egon emakumeak ez egoteak gizartearen kalterako dela herriaren jakinduria ez da aprobetxatzen.

“Legez erakutsi beharko litzateke berdintasunari dagokion guztia eskola guztietan”

Ez ote gaude berdintasunetik urrunegi oraindik?
Ba bai, eta gainera aurrera egiten den heinean , erresistentzia gehiago sortzen dira. Lehen oso agerian zegoen, orain disimulu handiagorekin edo mozorrotuta, baina hor dago erresistentzia.

72 urte dituzu eta energia eta indarra mantentzen duzu. Zein izan da gakoa?
–Barrez–. Tira! Ez da hainbesterako! Indarrak moteltzen doaz, baina adin bakoitzean egokitu egin behar duzu zeure burua bizirauteko eta hori saiatzen naiz egiten. Baikorra naiz eta horrek ere laguntzen duela uste dut...


Sekula ez dela berandu ezertarako. Zer da zuretzat zahartzaroa?
Azken txanpa. Horregatik aprobetxatu egin behar da. Bakoitzak ahal duen bezala biziko du, askotan ez baitago bakoitzaren esku, baina osasuna izanez gero, eta hori da inportanteena, aukera paregabea da zure burua zaintzeko eta harremanei denbora gehiago eskaintzeko. Bizitzaz gozatu behar da ahal den neurrian!

Zein paper dute adinekoek gaur egungo gizartean?
Zoritxarrez ez da adinekoen esperientzia kontutan hartzen, eta ez hori bakarrik, askotan mesprezuak besterik ez dituzte jasotzen. Azkenaldian tokatu zait zahar batzuekin egotea eta beraien bakardadea eta tristura sentitu dut. Ez dago eskubiderik, bizitza osoan lan egin ondoren eta besteen zaintzan aritu ondoren ez dute goxotasun pittin bat ere jasotzen. Beste era batera antolatu beharko genuke  gizartea. Pertsona beharko luke izan garrantzizkoena; eta ez bakarrik produktiboa den bitartean...

Herri Irratian lan egin zenuen. Hedabideek sarri estigmez beteriko irudia elikatzen dute adinekoen inguruan. Zer egin daiteke egoera horri buelta emateko?
Ez, nik ez diet beldur hitzei. Adin bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. Bizitza ez da erraza inoiz. Askotan nire ingurukoei aldarrikatzen diet zaharra izaten uztea, gustatzen zaizkidan gauzak egiten utzi eta gaztearena egitera ez behartzeko. Onartu behar da tokatzen zaizun momentua eta eskertu bizitza luze eta oparoa izan baduzu.

Amaitzeko, zaharren zaintza ere emakumeok hartu izan dugu maiz. Zergatik? Ez ote litzateke izan behar ardura konpartitu bat?
Noski baietz. Mundua mantentzeko egin behar den lan guztia partekatu egin behar da baina beste era batera. Gizon eta emakumeak partekatu behar dute lan produktiboa eta reproduktiboa, ordaintzen dena eta doan egiten dena, eta erakundeek hartu beharko lukete beregain emakumeek orain arte egin dugun lanaren zati bat. Pertsona bakoitzak bere buruaren ardura izan beharko luke, ahal duen bitartean, eta ezin duenean denon artean zaindu beharko genuke.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.