es
eu

Carlos Alberto Cano: "Zahar-gazteak eta zahar-zaharrak bereizten ikasi behar genuke"

Jon Artano

Carlos Alberto Cano (Medellin, Kolonbia 1961) Zahartzaroaren Institutuko zuzendaria da. Bogotako Javeriana unibertsitateko erakunde horrek zahartzaroa ikertzen du, hainbat ikuspegitatik. Prestigio handiko instituzioa da, eta bere ekarpenetan oinarritu izan dira sarri herrialdeko politika publikoak. Goi-mailako talde akademiko baten buru egiteko ezinbestekoa den zorroztasuna du Canok. Baina umorez ere ondo osatuta dago eta malgutasuna ere erakutsi du GIZADIBERRIri bulegoko atea ireki dion honetan, saltoka-maltoka egindako berriketaldian.

 

Euskal Herrian aspalditxo galdu zuen piramide itxura du oraindik Kolonbiako populazio piramideak., baina zuen gizarteak ere zahartzera egingo duela aurreikusi dute soziologoek…
Horregatik gero eta presentzia handiagoa du gaiarekiko gogoetak. Eta gero eta leku gehiagotatik gonbidatzen naute nire erretolika esplikatu dezadan, kar, kar, kar.

Nolakoa da Kolonbian zahartzea?
Kolonbia izugarri herrialde anitza da eta ez da gauza bera talde indigena batean zahartzea Amazoniako herrixka batean, edo kultura afroamerikarrean, edo Bogota bezalako munstrotzar batean… antzinako imaginarioei eusten dioten lekuetan zahartzea hiriarekiko desberdina da oso.

Kultura horiek zahartzaroaz duten ikusmoldetik zer dute ikasteko mendebaldeko jarrerek?
Ezagutza gorpuzten dute agureek kultura horietan. Hain da hori horrela, non Kolonbiako konstituzioak ere onartu egin behar izan duela. Kabildoak herri indigenen erakunde bereziak dira, eta herri horien barne funtzionamendua arautzen dute legedi propioa betearaziz eta giza-taldearen ordezkaritza legala eginez. Bada kabildo horiek zaharrek osatzen dituzte jeneralean. Indibiduo bat kabildokide izateko gaitzen duena eskarmentua da, urteek ematen duten jakinduria.

Nondik datorkizu zahartzaroarekiko lilura?
Floripesi zor diot. Doña Maria Flora zuen izena, baina denek Floripes esaten zioten gure amamari. Eragina handia izan du nire bizitzan. Emakume azkarra eta jakintsua, erabakirik bipilenak hartzeko gai zena. Gazterik alargundu eta alabak aurrera ateratzeko sen harrigarria erakutsi zuen. Zaharrekiko maitasuna berak erne zidan. Eta beragan deskubritutako edertasun hori gainontzeko zaharrengan ere ikusten dut orain. Bizi zaitezke 100 urtez ergelkerian; baina ez da ohikoena. Normalean bizitzak ezagutzak ematen dizkizu. 80 edo 90 urtez bizi den pertsona batekin mintzatzeak besteren eskarmentu puskak biltzeko aukera ematen du.

Mendebaldeko kulturak ordea gaztearen edertasuna goratzen diardu…
Gero eta suharrago gainera, komunikabideek-eta batez ere. Familia ulertzeko manerari erreparatu behar zaio hori ulertzeko. Garai batean ohikoak ziren sendi handiak, dozena bat seme-alaba edo gehiagokoak. Askoz nuklearragoa da orain familia. Urbe handietan bakarrik bizitzea oso ohikoa bihurtu da. Eta bizpahiru hamarkadatan aldatu da hori hemen. Lehengo familietan zuten inportantzia galdu dute hein batean aiton-amonek. Baina hala ere etxean daude gehienean. Datu bat emango dizut: Erresuma Batuan populazioaren %10 baino gehiago bizi da geriatrikotan; Kolonbian %1 baino ez.

Zuk nahiko al zenuke geriatriko batean amaitu?
…pertsonalki, ez. Dena den nik uste dut geriatriko onak eta txarrak daudela. Egoki zaindutako erresidentzia batean, konpainia eta atentzio ona izanez gero, ez litzateke desatsegina. Bizi-ibilbidean funtzionaltasun osoa duzu tarte batez, baina iritsiko da gaixotu egingo zaren unea, eta makaltze horrek heriotzara eramango zaitu. Amaiera hori ahalik eta azkarrena izan dadin desio dugu denok. 80 urte harrapatu eta hilabete pare batean hiltzen bazara, edo lotan zaudela joatea, ez al da bikaina? Kontua da, ordea, gaixotasun kronikoek azken etapa hori asko luzatu dutela, urteak izan daitezke gaur egun.

Heriotzerako prestatu egin behar al genuke?
Bizitzak berak prestatzen gaitu sarritan. Hara, behin adin batetik aurrera denei zaharra esaten diegu, baina zahar-gazteak eta zahar-zaharrak bereizten ikasi behar genuke. Eric Levinson filosofoak dio lehen zahartzarora iristean, pertsonak osasunaz arduratzen hasten direla. 60-70 urte arteko pertsona asko kezka batean bizi dira; medikutara joan, txekeoak, prebentzioa… gero ordea, zahartzaro berantiarrera iristen direnean, pertsona horiek askoz lasaiago daude, ordurako barneratu baitute heriotza biziaren parte dela.

Heriotza, ordea, tabua da.
Bai, eta ez luke izan behar. Ikasle garaitan, Glasgown, John Dall izeneko irakasle baten eskolak hartzeko fortuna izan nuen. Genio hutsa zen. Heriotzaz aritzen zitzaigun, eta klasea amaitzean hiltzeko gogoa ematen zuen, kar, kar, kar…

Hauteskunde atarian gaude Kolonbian. Hautagai guztiek hitz egingo diete zaharrei…
Jakina. Teknikoki populazioaren %11 da zaharra Kolonbian. Bost milioi t’erdi boto horiek lortzea nahikoa da presidente bihurtzeko. Margaret Thatcherek igarri zion, erretiratuen eskubideak murrizten tematu zelako galdu zuen agintea! Politikariek ez dute behar adina egiten. Arazo larriak ditugu hemen zahartzaroarekin: Egunero utziesten dute agureren bat Bogotan. Eta, paradoxikoki, zaharren eskubideak gero eta indartsuagoak dira. Baita pisu ekonomikoa ere: agure-jendearentzako turismo berezitua sortu da, zaharrentzako hiriak ere bai. Herrialde aberatsetako gero eta adindu gehiago aldatzen dira bizitza erosoago eta merkeago egin dezaketen herrialdetara. Gure inguruan Ekuadorren, adibidez, ia esklusiboki estatubatuar zaharrek osatutako hiriak sortu dira.

Zahartzaroaz dagoen imajinarioan laiotza gehiago da egutera baino…
Bai. Mediotan zaudetenok gogoeta egin behar zenukete horretaz. Uste okerretako bat da zaharrak gazteak baino gehiago deprimitzen direla; eta ez da egia. Portzentualki, adibidez, suizidio tasa handiagoa da gazteen artean. Ondo egoteko sekretuetako bat dagokizun etapako ezaugarriak barneratzea da. Topera bizi behar da, baina bizi duzun garaira egokituz.

Eta gizarteak asmatzen al du horretan?
Ez. Inondik inora. Gainera panikoa diogu zahar izateari, batik bat funtzionaltasuna galtzeari, minari. Eta, gauzak zer diren, egunero gara bezperan baino zaharragoak. Gazte eta lerden mantentzeko modu bakarra hiltzea da; Lady Di beti izango da ederra, gazterik hil zelako. Baina zahartzeak, derrigorrean, etsitzen ikastea dakar eta hori ona da.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.