es
eu

Adiskidetasunean berdinak

Gorka Ascorbebeitia

Aurten hogei urte bete ditu Futubide elkarteak martxan duen boluntario programa bereziak: Ezintasun psikologikoak dituzten eta familiarik gabe dauden pertsonek konpainia eta lagunak izatea du helburu.

Ohiane García

Ohiane Garcíak txikitatik izan du besteei laguntzeko bokazioa. 23 urteko gazte bilbotar honek hezkuntza bereziko diplomatura ikasi zuen, eta orain autismoa duten pertsonekin lan egiten du Apanabi elkartean. Orain dela urtebete, Ohianek bere bokazioa urrunago eramatea erabaki zuen, eta lanetik aparte, bere bizitza pertsonalean ere sartu zuen. Futubide elkartearen bitartez, ezintasun psikologikoa duen eta bakarrik dagoen pertsona batekin kontaktuan jarri zen, eta berarekin adiskidetze prozesu bat hasi zuen.

Gorabide Bizkaian ezintasun psikologikoa duten pertsonei laguntza emateko sortutako elkartea da. Duela ia 25 urte, bere gerizpean Futubide elkartea sortu zuten. Bere xedea bakarrik gelditzen ziren Gorabide eta antzeko elkarteetako kideei babes legala ematea da. Lau urte pasatxo geroago, duela hogei urte, Futubiden euren babestuek zerbait gehiago behar zutela ikusi zuten.

Inor gabe dagoen jendeak beste motako harremanak ere behar ditu familiak utzi dituen hutsuneak betetzeko. Askotan hutsune horiek adiskideei esker betetzen dira, baina ezintasun psikologikoa dutenentzako horrelako harremanak lortzea oso zaila izan daiteke. Horregatik Futubidek adiskidetze programa jarri zuen martxan. Bertan, babestutako pertsonen eta boluntarioen arteko adiskidetasun harremanak sortzen saiatzen dira.

Orain dela urte eta erdi Ohiane Futubideren bulegoen aurretik pasatu zen, eta jakingurak jota, barrura sartu zen. “Bulegoak nire auzunera aldatu zituzten, eta horregatik sartu nintzan barrura, zer egiten duten galdetzera”, dio bilbotarrak. Bertan adiskidetze programari buruzko informazioa eman zioten eta ideia “asko” gustatu zitzaion. Momentu hartan bertan erabaki zuen boluntario bezala bere burua aurkeztea. Hala ere, adiskide berria izan arte denbora bat pasatu behar izan zen.

Alde batetik, adiskidetze programan sartzeko Futubidek protokolo ugari ditu babestuen ongizatea bermatzeko. Eta elkarteko langileek planteatzen dituzten azterketa eta analisi guztiak gaindituz gero, oraindik ere frogarik zailena gelditzen da: adiskide berriarekin feeling-a izatea.

Ohianek ez zuen zorte onik izan aurkeztu zioten lehen pertsonarekin: “Gizon nagusi bat zen eta bere ohiko bizitzarekin oso pozik zegoen, nirekin gelditzea ez zitzaion gustatzen. Gainera pentsatzeko era zaharkitua zuen, matxista xamarra beharbada, eta berak ez zuen bere burua neska batekin ikusten”. Horregatik, hilabete batzuk pasa ondoren Futubidetik harremana moztea erabaki zuten. Boluntario eta babestuek zaletasun berdinak izatea bilatzen dute, baina batzutan biak futbolariak izatearekin edo musika berdina entzutearekin ez da nahikoa adiskidetasuna sortzeko.

Ohianek bere lehen adiskide-hautagaiarekin harremana eten eta gero, Futubidek beste babestu bat ezagutzeko aukera eman zion, eta zorte handiagoa izan zuen. “Oraingoa neska bat da eta aurrekoaren adinaren erdia baino gutxiago du”, azaltzen du bilbotarrak: “Neska honekin problemarik gabe hitz egin dezaket, eta bera ere nirekin eroso dagoela esango nuke”. Hala ere, Ohianek argi du harreman hori luzera begira hasitako proiektu bat dela eta oraindik ere pixkanaka-pixkanaka ari da bere adiskide berriarekin pausoak ematen. “Gauzak kontatzen dizkiodanean, adibidez, kontu handiz ibiltzen naiz. Berak eredu bezala hartzen nauela uste dut, eta ez diot egiten dudan guztia kontatu nahi”, azaldu du.

61 boluntario

Mikel de Barronek, Futubideko gerenteak, Ohianeren kasua apartekoa dela dio: “Gure boluntarioen ohiko profila andere nagusiarena da, baina azkeneko urteotan gizonak ere sartzea lortu dugu”. Adiskidetze programa hemezortzi boluntariorekin hasi zuten eta orain 61 dira. Duela hogei urte programan lehen aldiz parte hartu zuten hemezortzi lagunek adiskidetasun harremanak mantentzen dituzte Futubideren babestuekin. “Boluntarioek ematen dutena baino askoz gehiago jasotzen dutela esaten digute”, dio de Barronek.

Programaren helburu nagusia luzera mantenduko den adiskidetasuna sortzea da. Horregatik, hogei urte horietan boluntario eta babestuen artean hainbat istorio suertatu dira. “Askok Gabonetako afariak batera ospatzen dituzte, eta badira oporretara batera joaten direnak ere”, aipatu du Futubideko gerenteak.

Ohiane adiskide berriarekin oraindik ez da heldu puntu horretara, baina harremana ondo joango dela uste du: “Ez da boluntarioen programa batean parte hartzen dudan lehen aldia, baina orain arte ez dut inoiz epe luzeko helbururik izan. Hau nire bokazioa da, eta nire lanean ez nuen behar bezala garatzeko aukerarik. Neska honekin, aldiz, oso ondo sentitzen naiz”.

Gorka Ascorbebeitia (@Gascorbe)

Artículos Periodísticos

"Akordio internazionalak betetzeko dira eta Frantziak ez ditu betetzen"

"Akordio internazionalak betetzeko dira eta Frantziak ez ditu betetzen"

Jon Intxaurraga

2018tik hona, milaka etorkinek zeharkatu dute Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituen muga Frantziara bidean. Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo zuzendariaren iritziz, biderik errazena delako aukeratzen dute eta, berak dioenez, hiru urte hauetan asko ikasi dute elkarlanean aritu diren instituzioek.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.