es
eu

Martxoaren 8a dela eta

Amaia Antxustegi

Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko eguna, urtero bezala, hainbat ekintza eta adierazpenekin dator. Azaroaren 25ean gertatzen den antzera,  gizartean oraindik emakume eta gizonen arteko berdintasunik ez dagoela azalarazten da eta denon ardura den oinarrizko gai honi buruz hausnarketa egiteko aukera aparta. Zoritxarrez, bakoitzak urte osoan zehar eta egunerokotasunean landu beharko genukeen arazoa da, ez urteko egun bitan soilik.Bai, arazoa eta oso larria gainera, ezen arazo horren ondorio krudelena emakumeen erahilketa baita. Bai, arazoa zeren berdintasuna lortua dagoela diotenak ez dira gutxi.  Bai, arazoa zeren genero indarkeriaren adierazpenak detektatzen ez dakitenak eta horien artean emakumeak, ugariak dira.

Aurtengo martxoaren 8ko ospakizunetan gai asko daude mahai gainean: abortoaren lege berriaren aurreproiektua, Europar Batasunak Indarkeria matxistari buruz egin berri duen ikerketa…. Datu hauek ikusita, nola esan daiteke berdintasuna lortua dagoela eta genero indarkeriaren aurrean paso egin?

Alderdi Popularrak indarrean jarri nahi duen abortuaren legea, emakumearen eskubideen aurka doa bortizki, orain arte neke eta esfortzu handiz lortu dena desegingo duelarik. Ez al da emakumeenganako indarkeria lege hau aplikatu nahi izatea? Noski baietz.

Bestalde, Oinarrizko Giza Eskubideen Europar Batasuneko Agentziak Indarkeria matxistari buruzko ikerketa egin du. 28 estatu kideetako 42.000 emakumeri galderak egin zaizkie. Datuak oso latzak izan dira:  15 urtetik aurrera bikotekideak eraso fisikoa edo sexuala egin dietela aitortu duten emakumeak % 52 dira Danimarkan, % 47 Finlandian eta % 46 Suedian. Ondoren, Herbehereak (% 45), Frantzia (% 44) eta Erresuma Batua (% 44) daude. Portzentaje txikienak Polonia (% 19), Austria (% 20), Kroazia (% 21), Zipre (% 22) eta Espainian (% 22) egon dira.

Baina ez da ahaztu behar, emakumeen aurkako indarkeria kasu gehienek ezkutuan jarraitzen dutela, ez direlako salatzen ezta berri ematen inguru hurbilenean ere. Emakumeak errudun dela pentsatzen jarraitzen du, berak eragin duela egoera eta lotsatu egiten da bere kalbarioa azaltzen. Behingoz, konturatu behar gara denon lana dela lakra honekin amaitzea, gizon zein emakume; eta indarkeri matxistaren edozein adierazpenen aurrean erantzun egin behar dela eta pixkanaka-pixkanaka, aurreapausoak ematen joan eta ez atzerapausoak.

Adibide argi bat: Whatsappetik hainbat txiste matxista heltzen zaizkigu. Horrelako txisteak barregarritzat jotzen dira kasu gehienetan eta jakin, hauek birbidaltzean indarkeria matxista zabaltzen dela. Egoera honetan, deserosotasuna azaldu beharko litzateke eta horrelako txisterik gehiagorik ez bidaltzeko adierazi. Jarrera honek beste batzuei pentsarazi egingo die eta beharbada beraiek ere aurrerantzean eskaera bera egingo dute eta gainera bestelako adierazpen edo egoera matxisten aurrean daudenean, desadostasuna adieraziko dute. Pauso edo keinu txiki batek aldaketa handia eragin dezake.

Kulturalki, jarrera matxistak oso barneratuta dauzkagu eta indarkeria matxista direla identifikatzea egun ez da lan erraza. Besteak beste, modak, hedabideek, sare sozialek, publizitateak, emakumeon edertasun kanona zein den markatzen dute. Bizitzan arrakasta izateko, emakumeok zelan jokatu behar dugun, fisikoki ze itxura izan behar dugun, nola jantzi behar garen inposatzen digute. Gizarteak eta batez ere emakumeok, egiten dugu irakurketa hori?

Azpimarratzekoa eta txalotzekoa da feminista taldeen lana berdintasun erreala lortzeko eta ondorioz indarkeria sexistaren desagertze bide honetan izan duten eta daukaten funtsezko papera. Euren ahotsak eta borrokak emakumeen eskubideen urraketa salatu eta salatzen  dute uneoro.  Ezin ahaztu emakumeon jabekuntza ezinbestekoa dela baina baita gure seme-alabak berdintasunean heztea ere, indarkeria matxistaren lakra honetan gakoa prebentzioa baita.

Aste honetan bertan, bi egunetan lau emakume euren bikotekideek hil dituzte. Ez al da garaia horrelako berriak entzunda, bakoitzak berdintasunaren alde zerbait egiteko? Indarkeria matxistaren adierazpenei aurre egiteko?

Martxoaren 8ko ospakizunek ekarri dituzten hausnarketak ez daitezela geratu urteko egun bakar horretan.

Amaia Antxustegi, zuzenbide ekonomikoan lizentziatua
--
[Deian publikatua, 2014ko martxoaren 9an]

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.