es
eu

Adinekoak hedabideetan: aldaketaren zantzuen bila

Elixabete Garmendia

 “Jendeak zahartzaroaren irudi ezkorra du”. Baieztapen horri beste hau  erantsi dakioke: jendeak zahartzaroaren irudi ezkorra du, neurri handian, hedabideen erruz. Izan ere, adineko jendea gutxi azaltzen da komunikabideetan, hau da, ez dauka demografikoki dagokion tamainako presentzia egunkarietan, telebistan eta irratian.  Gutxi azaltzen da eta gaizki ia beti, irudi negatiboekin, zahardadeari lotzen zaizkion ahuldade eta gabezia guztiekin.

Alabaina gauza aldatzen hasi da. Zergatik? Zahardadea bizitzeko modua, aldatzen ari delako. Eta horrela, adineko jendearen beste eredu batzuk ari dira sortzen eta gorpuzten. Aldaketa horren seinale agerikoena, pentsiodunen mugimenduak dakar. 2018ko urtarriletik aurrera, adineko jendea egunkarien azaletan eta irrati nahiz telebistako albistegien izenburuetan agertu da, mobilizazioei esker. Enblematikoa izatera iritsi da Bilboko bilkuraren argazkia. Izan ere, giza talde sendo bat osatu da pentsioen borrokaren inguruan, giza talde ahaldundua, bere eskubideak kolektiboki defendatzeko gai dena, eta horrek, nahi eta nahi ez, eragina izan du hedabideetan.

Belaunaldi berri baten zahartzaroa

Zer dago pentsiodunen mugimenduaren baitan? Zahartzarora iritsi den belaunaldi berri bat, besteak beste ezaugarri hauek dituena:

  • Gaztaroan borroka sozio-politikoan hezitako jendea da, joan den mendeko 60-70eko hamarkadetan. Zahartzarora heldu direnean, gizartearekiko konpromisoari eusten diote.
  • Emakumeak barne hartzen dituen kolektiboa da; izan ere, hor dago bizitza osoan etxetik kanpora lan egin duen emakumeen lehen kohortea, ezkondu eta gero ere lanean jarraitu zutenena.
  • Guraso gazte zirenean, gizon eta, batez ere, emakume horiek, haurtzaindegiak bilatu behar izan zituzten, etxetik kanporako lanari eutsiko bazioten; orain, belaunaldi horrek berak, zahartzaindegi duin eta erosoak bilatzen ditu  azken etaparako; egin duten ibilbidearekin koherente izango diren bizitzeko toki eta moduak.

Hain zuzen ere, gai honen inguruan hainbat informazio topatu nuen  komunikabideetan, urte honen hasieran egindako miaketan. Urtarrilaren 21ean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko co-housing proiektuak izan zituzten hizpide. Bi egun lehenago,  bi orri eskaini zizkion BERRIA egunkariak gai horri. Osatzeko, Maria Silvestre soziologoari egin zioten elkarrizketatik, pasarte honekin geratu naiz: “ (…) ez dakigu nola izendatu oraindik osasuntsu eta aktibo dauden baina soldatapeko lanik ez duten pertsona horiek. Eta gizarteak ez daki zer leku eman behar dien”.

“Gure aiton-amonak”

Hirurogeita bost urtetik gorakoei buruz ari da Maria Silvestre, bizibide izan duten lanetik jubilatuta daudenak, baina aktibo jarraitzen dutenak. Nola izendatu pertsona horiek? Arazoa ez da horrenbeste izenarena, kontzeptuarena baizik. Baina kontzeptuak izena eskatzen du. Izan ere, fenomeno berria da jubilatu aktiboena, bai behintzat, giza-talde gisa.

Urtarrilaren 27an, DIARIO VASCO egunkarian, Paca Tricio elkarrizketatu zuten, Madrilen Unión Democrática de Pensionistas y Jubilados-eko presidente den emakumea. Izendatze kontuak darabiltza Triciok elkarrizketan:  “(…) la palabra anciano era maravillosa. Viejo es preciosa también, pero en el tono adecuado. Ya no se pronuncia así. A mí cuando un desconocido me llama abuela le contesto: Perdona, ¿eres mi nieto?”. Oraindik  hainbat hedabidetan “gure aiton-amonak” irakurri edo entzungo duzu. Sinpatikoa izan nahi duen esamolde horri, soberan dagoen konfiantza paternalista dario.

Zorionez, izen-abizen propio eta ezagunak aurkitu ditut informazioetan, irudi positiboa eskaintzen dutenak. DEIA egunkariak urtarrilaren 27an Joaquin Atxukarrori egindako elkarrizketa zekarren. Pianistaren berbak, hauexek: “A mis 85 años sigo ampliando mi repertorio”. Bistan da adinekoen irudi duin, baikor eta interesgarria islatzen dutela gisa horretako elkarrizketek. Edadetuak dira, baina ez gizajo errukarriak.

Andrazkoak berrasmatzen

Emakumeok gure irudia –eta ereduak- aldatzen, birmoldatzen eta asmatzen ari gara, batzutan oharkabean, beste batzutan modu erabat kontzientean; eta, betiere, gizartean jokatzen dugun papera aldatzen eta garatzen doan neurrian. 

Anna Freixas gerontologo feminista katalanak urteak daramatza emakumeak eta zahartzaroa binomioaren inguruan azterketak egin eta idazten. Tan frescas. Las nuevas mujeres mayores del siglo XXI (2013) liburuan, bete-betean heltzen dio gaiari. Lagin modura, pasarte hauxe:“(…) nuestra diversidad como mujeres mayores, modernas, independientes e implicadas en diferentes esferas públicas puede contrapesar para las generaciones futuras el imaginario de la anciana tradicional, centrada en el cuidado de todo el mundo y, sobre todo, pobre”.

Freixas, 1946an jaioa da eta bere belaunaldiaz ari da hor: bizi osoan etxetik kanporako lana egin duten emakumeak; eta horien artetik zati esanguratsu bat, unibertsitatean ikasketak egitera iritsi zen lehen kohortea. Andrazkoen belaunaldi hori izan da, hain zuzen ere, arlo publikorako bidea apurka eta poliki zabalduz joan dena azken hamarkada hauetan.

Aldaketaren zantzuak

Hedabideetako informazioetan egindako entresakan, aldaketaren zantzuak ageri dira:

  • Bat: adinekoak geroz eta presentzia handiagoa ari dira hartzen komunikabideetan.
  • Bi: presentzia hori aktibotasunari zor zaio, izan pentsioen hobekuntzarako mobilizazioak,  co-housing eta antzeko proiektuak edo aisialdia bizitzeko moduak.
  • Hiru: adinekoek beren izenean berba egiten dute, hitzaren jabe izanez azaltzen dira jendaurrean.

Zantzuak besterik ez dira horiek, seinale bakan batzuk, aldaketa ez baita oraindik gertatu eta orokortu, baina iragarri, aldaketa iragartzen dute seinale horiek.

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.